Ekonomia -

EITB DATA

Hego Euskal Herria Europako eskualde industrialen artean dago

Edozein estatuko batezbestekoaren gainetik dago euskal industriak bere ekonomiari egiten dion ekarpenaren maila erlatiboan, eta toki nabarmena du Europako eskualde industrialen artean; Alemania hegoaldean eta Italia iparraldean, kasu.

Europan, handienekin parez pare.
Europan, handienekin parez pare.
Europan, handienekin parez pare.

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal industriak bere ekonomiaren barruan duen pisua (% 32 Nafarroan eta % 23,9 EAEn) Europako industriak EBko BPG osoan duenarena (% 20,6) baino handiagoa da, baita Espainiako industria-sektoreak Estatuko ekonomia osoan duena (% 16,6) baino handiagoa ere. Horrek Hego Euskal Herriari toki nabarmena ematen dio Europako eskualde industrialen artean.

Horrela, Hego Euskal Herria industriak pisu erlatibo handiena duen eskualdeetako bat da, Alemania, Italia eta Frantziako beste eskualde batzuekin batera.

Garrantzitsuenak Alemaniako hegoaldean daude. Aipagarriena Baden-Württemberg da: horren BPGaren % 38 industriatik dator. Industriaren pisu erlatibo hori Europako handiena da; izan ere, eskualde horretako ekonomia Europako indartsuenetako bat da, oro har.

Apur bat urrunago Bavaria eta Ipar Renania-Westfalia eskualdeak daude. Industria ekonomiaren % 29 eta % 20,7 da, hurrenez hurren. Italiako iparraldean, beste sektore batzuen gainetik nabarmentzen den industria duten bi eskualde daude: Emilia-Romagna (% 29), Piemonte (% 24,9) eta Lombardia (% 24,2).

Frantzian, hiru eskualdetan du industriak Estatu osoan baino pisu handiagoa, euskal industriaren pisu erlatiboaren azpitik: Normandia (% 20,6), Ekialde Handia (% 18,3) eta Auvernia-Rodano-Alpeak (% 27,7).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria EITB Data