Ekonomia -
Lan-gatazka
Cementos Rezolako langileen asanbladak onartu egin du Lan Erregulazioko Espedientea
Enpresak datorren astelehenean jarriko du indarrean. LABek azaldu du zuzendaritzak "kaleratze beharturik ez" izateko eta "aurre-erretiroa hartzen dutenen baldintzak hobetzeko" konpromisoa hartu duela.
agentziak | eitb media
Donostiako Añorga auzoko Cementos Rezola lantegiko langileen asanbladak Heidelberg Materialsek aurkeztutako Lan Erregulazioko Espediente proposamenaren alde bozkatu du, LABeko iturrietatik jakitera eman dutenez.
LABek pasa den ostiralerako deitu zuen asanblada enpresak astelehenean bertan jarriko baitu indarrean plantillaren erdiari, 56 behargini, eragingo dien Lan Erregulazioko Espedientea.
Sindikatuko iturrietatik jakinarazi dutenez, zuzendaritzak zenbait konpromiso hartu ditu azken proposamenean, tartean "behartutako kaleratzerik ez izatea, aurre erretiroa hartzen dutenen baldintzak hobetzea eta kaleratuek lehentasuna izatea enpresara itzultzeko hutsuneak daudenean".
Sindikatuak, bestalde, kritikatu egin du ELAk asanbladan izandako jokabidea, bertaratutakoei "bozketan ez parte hartzeko" eskatu dielako eta "bozkatu nahi zutenei bozka ez dezaten presioa egiteagatik".
Hori horrela, "langileen iritziaren gainetik, sindikatuaren interes korporatiboa geratu da agerian", kritikatu du LABek.
Asanbladaren bozketaren ostean, enpresa batzordeak zuzendaritzari jakinarazi zion erabakia.
ELAk, bere aldetik, azaldu du ez duela ontzat ematen enpresaren azken proposamena, "54 kaleratze" aurreikusten dituelako 56 izan beharrean, beste "bi pertsona aurre erretiro egitasmora gehituta".
Horregatik, ELAk prozesua epaitegietara eramatea erabaki du eta salaketa jarri du espedientearen aurka. Sindikatuak adierazi du "borroka egiten jarraitu" beharra dagoela, "gehiago" lor daitekeelakoan.
Lan Erregulazioko Espedientea
Heidelberg Materialsek abuztuaren 12an jakinarazi zuen espedientearekin aurrera jarraituko zuela kontsulten epea akordiorik amaitu ostean.
Enpresak azpimarratu zuen espedienteak eragingo dien 56 langileetako (plantillaren erdia) 52k neurri sozialak onartu dituztela.
Une horretan emandako datuen arabera, 16k aurre-erretiroa hartu dute, 26k kalte-ordaina jaso dute eta birkokapen programan sartu dira (horietako 8 54 urtetik gorakoak), eta 10ek Arrigorriagara joatea onartu dute.