Ekonomia -
Bozketa
Bilbobuseko beharginek greba mugagabea uda osoan zehar mantentzea erabaki dute
Apirilaren 9an hasitako greba mugagabeari 266 langilek eman diote babesa, eta 194k astean behin 24 ordu gelditzea nahi zuten.
EITB Media
Bilbobuseko langileek apirilaren 9an hasitako greba mugagabeari eustea erabaki dute gaur. Horrela, Bilboko udal autobus zerbitzuaren udako greba-egutegia ekainaren 15etik irailaren 15era luzatuko da. Hala, 24 orduko lanuzte orokorra aurreikusten da Bilboko Aste Nagusiko egun guztietan, abuztuaren 17tik 25era.
Enpresa-batzordeak bi proposamen egin zituen, langileek greba mugagabeari eustea edo astean egun bateko lanuztea egitea erabaki zezaten.
656 langilek zuten botoa emateko eskubidea, eta 462k parte hartu dute bozketan. Greba mugagabea 266 langilek babestu dute, eta 194k bigarren aukeraren alde egin dute, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Bilbobuseko langileen batzarrak maiatzaren 16an atzera bota zuen zerbitzuaren emakidadunak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek itxitako aurreakordioa, gehiengo estuarekin (287-249 boto, hurrenez hurren). Beraz, apirilaren 9an hasi zuten greba mugagabeari eutsi zioten.
Aurreakordioaren edukia atzera bota zuten ELAk eta LABek, erosteko ahalmena bermatzen ez zela iritzita, eta egoera horrek UGTko enpresa-batzordeko presidentearen dimisioa eragin zuen.
ELAk ohar batean gogorarazi duenez, plantillak KPIa eskatzen du hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzerako, % 62ko jardunean kontratatutako kolektiboaren prekarietatea ezabatzea eta hitzarmen osoa murrizketarik gabe aplikatzea.
ELAk uste du "kezkagarria dela Bilboko Udalak, zerbitzuaren finantzaketaren eta kalitatearen arduradunak onartzea ALSA multinazionalak zerbitzua okertzea eta honen gainean espekulatzea, egunero milaka pertsonari eragiten dien zerbitzu publiko bat denean". Horregatik guztiagatik, ELAk Bilboko Udalari eskatu dio gatazka hau konpontzeko "modu aktiboan" esku hartzeko.