Ekonomia -
Lan gatazka
Bilbobuseko langileek ez dute onartu aurreakordioa, eta greba mugagabearekin jarraituko dute
Biobide enpresak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek (gehiengoa batzordean) aste honetan bertan lortutako aurreakordioa baztertzea erabaki dute langileek batzarrean. Aurreakordioak ez zuen ELAren eta LABen babesik.
Agentziak | EITB Media
Bilbobuseko langileek ezetz esan diote aste honetan bertan Biobide enpresak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek (gehiengoa batzordean) lortutako aurreakordioari. Hori dela eta, greba mugagabearekin jarraituko dute. Asteartean bertan behera geratu zen behin behinean, aurreakordioa azaldu eta gaur bozkatu ahal izateko.
Aurreakordioak 2027ra arteko indarraldia ezartzen zuen, eta 2025, 2026 eta 2027rako soldata-igoera Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko langileek urte horietan izango duten igoeraren araberakoa izatea.
ELAk eta LAB sindikatuek, langileen gehiengoak bezala, ez zuten aurreakordioa babestu, eta kritikatu dute urteko KPIaren araberako soldata-igoerarik ez jasotzea eta erreferentzia funtzio publikoaren soldata-igoeraren araberakoa izatea.
Aurreakordioa itxi ostean, Bilbobuseko langileek bertan behera utzi zuten apirilaren 9tik martxan duten greba mugagabea, guztiei akordioaren baldintzak azaltzeko eta batzar batean bozkatzeko.
650 langile zeuden deituta bozketara. Egun osoan iraun duen bozketaren emaitzaren ondoren, langileek greba mugagabearekin jarraituko dute, ostiraletik.
Langileen ezezkoa jakin ondoren, zerbitzua ematen duen Biobide enpresak "gutxieneko zerbitzuen % 30arekin" jarraitzea erabaki du.
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak "bitartekaririk gabeko" zerbitzua eskatu eta manifestaziorako deia egin du
Bestalde, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak elkartasuna adierazi die Bilbobuseko langileei, eta hitzarmen kolektibo "justua" lortzeko egite ari diren grebaren alde daudela adierazi die. Aldi berean, "bitartekaririk gabeko" zerbitzu bat eskatu dute, Udalak zuzenean kudeatu.
Bilboko bizilagunen mugimenduak ohar batean adierazi duenez, udal gobernuak "ezin ditu eskuak garbitu Bilboko herritarren zati handi bati eta langileei eragiten dien zerbitzu publiko baten lan-gatazkaren aurrean".
Udal gobernua "duela bi urtetik egoera honen jakitun" izan dela ziurtatu du, baina salatu du ez duela aurrea hartu "konponbide bideragarriak bilatzeko eta, horrela, greba amaitutzat eman eta zerbitzua berrezartzeko".
Amaitzeko, dei egin du maiatzaren 23an Zabalburu plazatik abiatuta egingo den manifestazioan parte hartzeko, "beharrezkoa den lineen berregituraketa eta Bilbobus Udalak zuzenean kudea dezan eskatzeko, bitarteko enpresarik gabe".