Ekonomia -

GARRAIO PUBLIKOA

Renfeko enpresa batzordeak salatu du aldirietako zerbitzuko 200 tren inguru kenduko dituztela Bizkaian

Makinistei iaz egindako aparteko lanorduak konpentsatzeko, hainbat zerbitzu murriztea erabaki du Renfek, datozen zazpi egunotan. Gipuzkoan ere murriztu egingo da aldirietako zerbitzua, baina kasu horretan, AHTren lanek eraginda.

Artxiboko irudia
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Renfeko enpresa batzordeak salatu du aldirietako zerbitzuko 200 tren inguru kenduko dituztela Bizkaian datozen zazpi egunotan: zehazki, aldirietako C1, C2 eta C3 lineatan egingo dira murrizketak, denak Bilborekin lotura dutenak.

Gaur kaleratutako oharrean, enpresa batzordeak dio makinistek 2023an egindako aparteko lanorduak konpentsatzeko hartu duela Renfek zerbitzuak murrizteko erabakia. Sindikatuen arabera, giza baliabideen kudeaketa okerra dago erabakiaren atzean.

Halaber, enpresa batzordeak ziurtatu du arazoa aurreikus zitekeela, eta enpresak horren berri izan arren, ez zuela ezer egin konponbide bat topatzeko.

Bere aldetik, Renfek onartu du murrizketak egongo direla, baina "puntualak" izango direla zehaztu du. "Gaixotasunengatik hartutako bajak edo guraso-baimenak" aipatu ditu enpresak, murrizketa horiek arrazoitzeko. Nolanahi ere, ukatu egin du 200 direnik bertan behera geratuko diren zerbitzuak.

Gipuzkoan ere murriztu egingo da aldirietako zerbitzua, baina kasu horretan, AHTren lanek eraginda, Renfek berak joan den astean jakinarazi zuenez. Hala, apirilaren 29tik Irun eta Brinkola lotzen dituen zerbitzuan ordutegi berria dago ezarrita, "murrizketekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Renfe Garraio publikoa