Ekonomia -
Nafarroa
"Lankidetza" eskatu du Nafarroako Gobernuak, medikuek iaz soldata igoera izan zutela gogora ekarrita
Medikuen sindikatuak egindako greba iragarpenari erantzunez, Osasun kontseilariak esan du hausnartzeko unea dela, eta "oparoaldi garaiak" ez ezik, "une zailak" ere badaudela, eta orain krisitik ateratzea dela lehentasuna.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Foru Gobernuak eztabaidagai hartu du Nafarroako Medikuen Sindikatuak sendagileei soldata igotzeko egindako eskaera. Iaz, soldatan 400 euroko igoera izan zutela gogora ekarrita, "lankidetzarako" unea dela esan die, "itxaron-zerrendak arintzeko" eta "Lehen Arreta hobetzeko" beharra lehenetsita.
Era berean, baztertu egin du Nafarroako osasun sistema publikoan lanean ari diren sendagileek kobratzen duten esklusibotasun sarian aldaketarik egitea. Hain zuzen ere, kontsulta pribaturik izan ez dezaten jasotzen dute aparteko ordainsari hori medikuek Nafarroan. Neurri horrekin, osasun publikoan itxaron-zerrendak nolabait arintzea nahi du Gobernuak.
Horren aurrean, Osasun kontseilari Fernando Dominguezek esan du hausnartzeko unea dela, eta "oparoaldi garaiak" ez ezik, "une zailak" igaro behar direla, eta orain krisitik ateratzea dela lehentasuna, "ditugun baliabideetara egokituta".
"Lehentasunak argi ditugu: itxaron-zerrendak murriztea eta Lehen Arretako zerbitzua eta gaur egun indarrean den antolakuntza eredua hobetzea", adierazi du. Horri mezu argi hau erantsi dio: "Alde guztien laguntza behar dugu horretarako, elkartasuna eskatzen digu testuinguru honek".