Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilbobuseko langileek egun osoko greba egingo dute gaur lan-hitzarmen berriaren alde
24 orduko lehen greba eguna izango da, atzetik beste hiru etorriko baitira hilaren 20an, 25ean eta 27an. Apirilaren 9an, berriz, greba mugagabeari ekingo diote.
agentziak | eitb media
Bilbobuseko langileek beste greba egun bat izango dute astelehen honetan, lan-hitzarmen berriaren alde, eta 24 orduko lanuztea egingo dute.
24 orduko lehen greba eguna izango da, atzetik beste hiru etorriko baitira hilaren 20an, 25ean eta 27an. Apirilaren 9an, berriz, greba mugagabeari ekingo diote.
Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak onartu zuen "gaur-gaurkoz" ez dutela Bilbobusen gatazkari irtenbidea emateko modurik aurkitu, eta "berme legalak" izango dituen akordio bat bilatzen ari direla, orain artekoek ez baitute "berme juridikorik".
Langileen lan-hitzarmena 2021ean iraungi zen, eta ordutik ez dute soldaten taula berritzerik izan, baina Abetek esan zuen enpresa "adostutako zerbitzua ematen eta langileei hitzartutakoa ordaintzen" ari dela.
Zinegotziaren hitzetan, enpresak dio ezin duela soldata igoerarik egin, "kontratuan desoreka ekonomiko handia" eragingo lukeelako.
Abeteren arabera, langileak "zilegitasunez" ari dira soldata igoera eskatzen, "2021etik izoztuta" dutelako.