Ekonomia -

Lehen sektorea

Nekazari nafarrek isunak jaso dituzte protestetan zehar Iruñean traktoreak aparkatzeagatik

Nekazariek eta abeltzainek elkarretaratzea egin dute Foru Parlamentuaren aurrean. Isun horiei buruz hitz egiteko Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin batzarra egiteko asmoa bazuten ere, azkenean Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin bilera eskatzea erabaki dute.

6F plataformako Javier Rodriguez nekazaria Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Iruñean. Argazkia: EFE
6F plataformako Javier Rodriguez nekazaria Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Iruñean. Argazkia: EFE
6F plataformako Javier Rodriguez nekazaria Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Iruñean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako nekazariek Iruñeko Udaltzaingoaren isunak jaso dituzte protestetan zehar traktoreak ustez debekatutako lekuetan aparkatzeagatik.

Horregatik, ostegun honetan Foru Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin ondoren, Iruñeko udaletxe plazara joan dira, Udal gobernu taldeko zinegotzi batekin zigor horiei buruz hitz egiten saiatzeko.

Nekazariek jasotzen ari diren isunak aztertzeko Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin batzarra egiteko asmoa bazuten ere, azkenean Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin bilera eskatzea erabaki dute.

Horren harira, 6F plataformako Javier Rodriguez nekazariak komunikabideei azaldu dienez, orain arte jaso dituzten isun bakarrak Iruñeko Udaltzaingoarenak dira, horietako asko "aparkatzeko esaten ziguten lekuan aparkatzeagatik".

"Hau nahiko bitxia suertatu zaigu guztioi" eta horregatik Iruñeko Udalaren azalpenak jasotzen saiatzen ari dira, erantsi duenez.

Nekazarien eta abeltzainen elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Iruñean. Argazkia: EFE

Joan den ostegunean Nafarroako Parlamentuaren atarian izandako istiluei dagokienez, balizko zigorren inguruko berririk ez dutela adierazi du, eta, "liskar horiengatik" barkamena eskatu ostean, berretsi du ez zirela inoiz saiatu Foru Ganberaren egoitzara sartzen.

Rodriguezek azpimarratu duenez, "argi eta garbi esan dezakegu mugimendu apolitikoa garela, eta lehen sektorearentzat beharrezkoak eta premiazkoak diren hobekuntzak aldarrikatzen ari garela, sektorea hiltzen ari delako".

"Erabat apolitikoak gara. Gurekin eseri nahi duen edozein alderdi politikoren alde gaude, sektorearen onerako lan egiteko. Berdin zaigu, politikaren agertoki zabalean zein aldetakoa sentitzen den. Eser daitezen nahi dugu, eser daitezen behar dugu", aldarrikatu du.

Bestalde, nekazari nafarrek instantzia bat aurkeztu dute Iruñeko udaletxean, hurrengo sanferminei hasiera emateko txupinazoa botatzea eskatzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Iruñeko Udala Nekazaritza Lan gatazkak Abeltzaintza Zehapenak Euskadin