Ekonomia -

2024KO AURREKONTUAK

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2024ko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa itxi dute

Aurreikuspenen arabera, martxoaren 7an egingo da Nafarroako Parlamentuan aurtengo kontuak onartzeko bozketa, eta EH Bildu abstenitu egingo da.

Akordioaren sinadura, Iruñean. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Akordioaren sinadura, gaur.
Akordioaren sinadura, Iruñean. Argazkia: Nafarroako Gobernua

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bosgarren urtez jarraian, Nafarroako aurrekontuen inguruko akordioa adostu dute EH Bilduk eta Foru Gobernuak (PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak osatzen dute) 2024ko kontuak onartzeko. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak gaur utzi du aurrekontu proiektua ganberaren esku, eta han eman ditu jakitera EH Bildurekin adostutakoak.

2024ko ekitaldirako, 6.355.410.182 euroko aurrekontu proiektua prestatu du Maria Chiviteren exekutiboak, iaz baino 504 milioi euro gehiagokoa. 5.835.972.554 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 519.437.628 euro, gastu finantzarioari (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa).

Arastik, besteak beste, nabarmendu du EH Bilduk bakarrik erantzun diola aurrekontuei buruz hitz egiteko eta horiek negoziatzeko Foru Gobernuak egindako deiari. Azaldu duenez, duela zenbait aste hasi ziren bi aldeak biltzen, eta partekatzen dituzten gaietan adostasunak bilatzea izan dute hasieratik helburu. Maila ekonomikoan zein sozialean herritarren beharrei aurre egitera bideratuta dauden aurrekontu sendoak direla esan du, eta zehaztu du gastu sozialerako 3.000 milioi aurreikusi dituztela. Ezker abertzaleko koalizioak 4.420.000 euro izango ditu bere zuzenketetan jasotako eskarietarako.

Behin proiektua ganberaren esku utzita, horren tramitaziorako egutegia astelehenean aztertu eta onartuko du Bozeramaileen Mahaiak eta Batzordeak. Aurreikusitakoaren arabera, hil honen 23an argitaratuko da Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, eta taldeek astebeteko epea (urtarrilaren 30era arte) izango dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta otsailaren 8ra artekoa, zuzenketa partzialetarako.

Ezustekorik ezean, martxoaren 7rako deituta dagoen osoko bilkuran egingo da bozketa, eta EH Bilduk horiek aurrera ateratzea ahalbidetuko du bere abstentzioarekin.

Balorazioak

Sinatzeko ekitaldiaren ostean hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan, Laura Aznal EH Bilduko eledunak akordioaren garrantzia nabarmendu du. Horren hitzetan, legealdi honetako "lehen akordio garrantzitsua" da, eta ziur agertu da gehiago iritsiko direla, "nafarren beharrei" erantzuna emateko. "Herritarrak eta horien beharrak erdigunean jarrita akordioetara iristeko gai gara", esan du.

Ramon Alzorriz PSNren Antolakuntza idazkari eta PSNk Foru Parlamentuan duen bozeramaileak, bere aldetik, adierazi du herritarren arazoei eta beharrei aurre egitea helburu duten aurrekontuak adostu dituztela. "Zerbitzu publikoak blindatzea", "erkidegoaren egonkortasuna bermatzea" eta "politika eraldatzaileak bultzatzea" izan dira lehentasunak, Alzorrizen arabera.

Bide beretik mintzatu da Pablo Azcona Geroa Bai koalizioko bozeramailea ere. Nabarmendu duenez, "albiste ona" da aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioak "lau alderdi politikoren babesa izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSN Geroa Bai Nafarroa Ekonomia EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Nafarroako Podemos gaur