Ekonomia -

Espainia

Espainiako Gobernuak eta sindikatuek 2024ko gutxieneko soldata % 5 igotzea adostu dute, 1.134 euroraino

CEOE eta Cepyme enpresa-erakundeek ez dute bat egin akordioarekin, eta adierazi dute ez zaiela erantzunik eman kontratu publikoetan gutxieneko soldata indexatzeko eta landa-sektorerako hobariak ezartzeko eskaerei.

Joaquin Perez Rey, Laneko Estatu idazkaria. EFE.
Joaquin Perez Rey, Laneko Estatu idazkaria. EFE.
Joaquin Perez Rey, Laneko Estatu idazkaria. EFE.

0:29

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan Ministerioak CCOOrekin eta UGTrekin adostu du 2024rako lanbide arteko gutxieneko soldata % 5 igotzea, hamalau ordainsaritarako, hileko 1.080 eurotik 1.134 euroraino. Igoera hori 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin aplikatuko da.

Hala jakinarazi du Joaquin Perez Rey Estatuko Lan idazkariak, gaur goizeko lehen orduan eragile sozialekin egin duen bileraren amaieran, abenduaz geroztik haiekin izandako elkarrizketen ondoren Gobernuak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari buruz hartu duen erabakiaren berri emateko.

CEOE eta Cepyme enpresa-erakundeek ez dute bat egin akordioarekin, eta adierazi dute ez zaiela erantzunik eman kontratu publikoetan gutxieneko soldata indexatzeko eta landa-sektorerako hobariak ezartzeko eskaerei.

CEOE patronalak iragarria zuen akordiotik kanpo geratuko zela. Diaz bi aldeekin bildu zen astelehenean, baina antzua izan zen batzarra. Are gehiago, Lorenzo Amor CEOEko presidenteordeak batzarraren ondotik iragarri zuenez, patronala "ez da akordiora bilduko", eta Gobernua "xantaia" egiten ari dela salatu zuen. 

Pedro Sanchezen Gobernuak CCOOrekin eta UGTrekin adostutako 2022ko eta 2021eko gutxieneko soldataren igoerekin ere ez zuen bat egin CEOEk, bai, ordea, 2020ko igoera; orduan hileko 900 eurotik 950 eurora igotzea adostu zen.

Bai Lan Ministerioa, bai CCOO eta UGT prest zeuden % 4ko igoera sinatzeko, baldin eta enpresa-erakundeek hiruko itun batekin bat egiten bazuten. Hala egin ezean, igoera hasierako % 4 hori baino "anbizio handiagokoa" izango zela ziurtatua zuten Ministerioak eta sindikatuek.

Izan ere, 2024ko lanbide arteko gutxieneko soldata % 5 igotzea eskatzen ari ziren sindikatuak, 2023ko 1.080 euroak baino 54 euro gehiago. Hori izan da azkenean adostutako igoera.

Joan den urtearen hasieran, Espainiako Gobernuak eta sindikatuek 2023rako lanbide arteko gutxieneko soldata % 8ko igotzea adostu zuen. Legealdi honetarako konpromisoa da, legez finkatzea, gutxieneko errenta hori beti izango dela batez besteko soldataren % 60ren baliokidea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT Soldatak CEOE