Ekonomia -
BGAE
Euskadik autonomoentzako pentsio-plan bereziak izango ditu hiru hilabeteren buruan
Hitzarmena Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Araba, Bilbo eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberetako presidenteek sinatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Gregorio Rojo Arabako, Jose Ignacio Zudaire Bilboko eta Mauricio Arregui Gipuzkoako merkataritza-ganberetako lehendakariek lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Beren kontura lanean ari diren beharginentzako edo langile autonomoentzako BGAE zehatzak abian jartzen aurreikusi dute . Pentsio-plan horiek hiru hilabeteko epean jarriko dira abian.
Gaur egun, eta Eustaten 2022ko datuen arabera, Euskadin 124.531 autonomo daude.
Ekimen honek kolektibo horrentzako gizarte-aurreikuspen osagarria bultzatu nahi du; izan ere, Gizarte Segurantzan gutxienekoa kotizatu ohi dute behargin horiek, eta, ondorioz, "prestazio eta pentsio murriztuak" izaten dituzte.
Pedro Azpiazuk adierazi duenez, ekimenaren helburua profesional horientzako gizarte-aurreikuspen osagarri bat bultzatzea da, "eraginkorra, kudeaketa-gastuetan doitua, langileak goiz sartuz eta pizgarri fiskalekin, prestazioak Gizarte Segurantzaren pentsioaren modu osagarrian kobratzen badira, hau da, errenta moduan".
Akordio horren arabera, merkataritza-ganberek ekimen hori sortzea eta eratzea sustatuko dute, erregelamendu baten bidez. Horretan, besteak beste, honako hauek jasoko dira: ekarpenen eta prestazioen araubidea eta bazkideari egotzi beharreko gehieneko administrazio-gastuak. Gastu horiek ezin izango dute inoiz plan bakoitzari lotutako ondarearen % 0,5 gainditu. Hitzarmenaren arabera, aurreikuspen-planak egon daitezke autonomoak biltzen dituen elkarte bakoitzeko.