Ekonomia -

Pentsioak

Kotizaziorik gabeko pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera % 6,9 igoko dira 2024an

Gutxieneko pentsioak % 5 eta % 7 artean igoko dira datorren urtean. Familia kargak dituzten alargunen pentsioaren igoera handiagoa izango da: % 14,1. EH Bilduren iritziz, modu horretan "joan den martxoan adostutakoa beteko dute".

Pentsioen igoera 2024an.
Pentsioen igoera 2024an.
Pentsioen igoera 2024an.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxieneko pentsioak % 5 eta % 7 artean igoko dira 2024an, Elma Sainz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak aurreratu duenez. Gainera, kotizaziorik gabeko pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera % 6,9 igoko dira datorren urtean.

Familia kargak dituzten alargunena gehiago igoko da: 2023an baino 127,7 euro gehiago hilean, % 14,1eko errebalorizazioaren ondorioz. Horrela, 906 eurotik 1033 eurora pasatuko da hilean.

Oro har, pentsioak azaroko KPIarekin batera igoko dira, aurreko legegintzaldian onartu zen erreformaren arabera, eta, beraz, % 3,8 igoko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko pentsioaren kasuan, 56 euroko igoera izango du, 1484 eurotik 1540 eurora. Nafarroan, batez besteko pentsioa 1375 eurotik 1427 eurora pasatuko da, hau da, 52 euro igoko da.

Ministro berriak Unai Sordo eta Pepe Alvarez CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak eta Antonio Garamendi CEOEko eta Gerardo Cuerva Cepymeko presidenteak deitu ditu datorren astelehenerako, 10:30ean, Europa Pressen arabera. Gizarte Segurantzako elkarrizketa-mahaian egingo duen lehen bilera formala izango da, kargua hartu zuenetik.

Ohar batean, EH Bilduk pozik hartu du alargun pentsioak % 14raino igotzea 2024an, pentsioen azken erreformaren akordioa betez. Euskal talde subiranistaren iritziz, modu horretan "joan den martxoan adostutakoa beteko dute". Koalizioak uste du igoerak "behar handiena duten sektore pentsiodunei" eragingo diela, "gehienbat emakumeei".

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du igoerak "ziurtasuna eta segurtasuna" emango diela "milaka pentsioduni, bereziki alargun pentsio minimoak kobratzen dituzten emakumeei". "Pentsiodunen ongizatea arintzeko eta hobetzeko konpromiso irmoa" berretsi du EH Bilduk, "eta euskal herritarrei emandako hitza bete du".

EH Bilduren ahotan, "alargun pentsioak, kotizazio gabeko pentsioekin batera, pentsio baxuenak dira gaur egun, eta pentsio horiek dituzten emakumeak prekarietatean bizitzera zigortu ditu hainbat hamarkadatan". "Gaur Espainiako Gobernua betetzen hasi den akordioak guztiei egonkortasun handiagoa ematea dakar", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak