Ekonomia -

NAFARROA

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu AP-15ean egun berean egindako joan-etorrien deskontuak

Hortaz, erabiltzaileek ibilbide horien BEZa baino ez dute ordainduko, beti ere, Via T gailua badute eta AP-15ean deskontuak eskuratzeko izena emanda badaude.

A-15 errepidea. Artxiboko argazkia: EFE
A-15 errepidea
A-15 errepidea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AP-15 autobideko erabiltzaileek gutxiago ordaintzen jarraituko dute gutxienez 2027ra arte, legegintzaldi honetan Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko baititu egun berean egindako joan-etorriei aplikatzen zaizkien deskontuak.

Nafarroako Gobernuak gaur hartu duen erabakiaren ondorioz, erabiltzaileek ibilbide horien BEZa baino ez dute ordainduko Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez.

2019an Nafarroako Gobernuak aldi baterako deskontu gehigarri bat aplikatzea onartu zuen 24 orduren buruan joan-etorria egiten duten ibilgailu arinei.

Neurriak % 100eko murrizketa dakar erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio garbian, Nafarroako Gobernuak eta Audenasa enpresak (Irurtzun eta Tutera arteko ordainpeko autobidea kudeatzen duena) sinatutako akordioaren arabera. Hasiera batean adostu zuten deskontu horiek indarrean egongo zirela 12 milioi eurora iritsi arte, hori baitzen Espainiako Sustapen Ministerioak diruz lagundutako zenbatekoa. Foru Gobernuaren aurreikuspenen arabera, urriaren erdialdean gaindituko da kantitate hori eta horregatik erabaki du deskontuaren kostua bere gain hartzea.

Foru Gobernuak 11.904.000 euro jarriko ditu deskontuen gastua bere gain hartzeko. Erabiltzaileek, orain arte bezala, Via T gailuarekin ordaindu eta AP-15ean deskontuak eskuratzeko izena emanda egon beharko dute.

Deskontu horiek izango duten eragina azaltzeko adibide bat jarri du Arasti kontseilariak. Esaterako, hilabetean 20 bidaia egiten dituen pertsona batek 211 euro ordaindu beharko lituzke, 77,80 euro gaur egun indarrean dauden deskontuekin, eta 16,32 euro, berriz, gaur onartu den neurriarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gizartea Ekonomia berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak A-15 trafikoa