Ekonomia -

Etxebizitza

Jaurlaritzak 27.125 eurora eguneratuko ditu BOE etxebizitzak eskuratzeko gehieneko diru sarrerak

Mugak % 8,5 eguneratuko dituzte udazken honetan, eta urtero, urtarrilaren 1ean, KPIren arabera eguneratzeko mekanismo bat ezarriko dute. "Etxebizitza eskatzaile asko gizarte babeseko sistematik kanpo utz ditzaketen egoera bidegabeak saihestea" da helburua.

Visesa sustatzailearen etxebizitzen promozio bat, Zorrotzaurren. Artxiboko argazkia: EFE
Visesa sustatzailearen etxebizitzen promozio bat, Zorrotzaurren. Artxiboko argazkia: EFE
Visesa sustatzailearen etxebizitzen promozio bat, Zorrotzaurren. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak erosteko edo alokatzeko BOE bat eskuratu ahal izateko gehieneko diru sarrerak eguneratuko ditu errealitate ekonomiko berrira egokitzeko.

Iñaki Arriola sailburuak Eusko Jaurlaritzaren kontrolerako osoko bilkuran eman du aldaketa horren berri. Izan ere, gogorarazi duenez, pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorengo inflazio testuinguruak "eragin negatiboa izan dezake eta sistematik kanpora utz ditzake ekonomia batere hobetu ez duten, diruaren preziora doitu behar izan duten, hainbat eta hainbat pertsona eta familia".

Etxebiden alta emanda egoteko diru-sarrerak kalkulatzeko PFEZ aitorpena erabiltzen da eta faktore zuzentzaile bat aplikatzen da bizikidetza unitatearen ezaugarrien arabera. Haztatutako gehieneko diru sarrerak gainditzen badira, BOE bat eskuratzeko aukera galtzen da.

Arriolak adierazi duenez, helburua da "etxebizitza eskatzaile asko, inflazioak eraginda diruak balioa galdu izanagatik, gizarte babeseko sistematik kanpo utz ditzaketen egoera bidegabeak saihestea".

Esate baterako, gerta liteke BOE baten eskatzailearen soldataren igoera KPIren igoera baino baxuagoa izatea, eta, bere benetako erosahalmena ahuldu egin bada ere prezioak bere soldata baino gehiago igo direlako, araudian ezarritako mugak gainditzea eta babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzerik ez izatea.  

Sailburuak azaldu du indarrean dauden mugak 2011ko araudian oinarrituta daudela eta arau horretan ez dela doikuntza aipagarririk egin, azken urteotan gai horretan egonkortasuna nagusi izan delako. Egungo egoera kontuan hartuta, jakitera eman du eguneratze hori datozen asteotan onartuko den Etxebizitza eskubide subjektiboari buruzko dekretuaren azken xedapenean jasoko dela.

Arauak jasotzen duenez, dekretua onartzen den unean, salbuespenez, % 8,5eko eguneraketa egingo da. Hala, gehieneko diru sarreren muga 25.000 eurotik 27.125 eurora igoko da alokatzeko gizarte babeseko etxebizitzaren kasuan, 39.000 eurotik 42.315 eurora alokatzeko edo erosteko araubide orokorreko BOE bat eskuratu nahi dutenen kasuan eta 50.000 eurotik 54.250 eurora etxebizitza tasatuen kasuan.

Era berean, datozen asteotan onartuko den dekretuak urtero, urtarrilaren 1ean, KPIren arabera doitzeko mekanismo bat ezarriko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak KPI berriak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Etxebizitza albisteak