Ekonomia -

AMIANTOA

CAFek Beasaingo hiru pabiloi aldi baterako itxi ditu, amiantoagatik

Enpresa batzordeak azaldu duenez, 7., 8. eta 9. pabiloietako langileak (200 inguru) ez dira beren lanpostuetara itzuliko garbiketa lanak amaitu arte.

CAFen Beasaingo lantegia, artxiboko irudi batean. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
CAFen Beasaingo lantegia, artxiboko irudi batean
CAFen Beasaingo lantegia, artxiboko irudi batean. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beasaingo CAF enpresako hiru pabiloi aldi baterako itxi dituzte, berritze lan batzuetan amiantoa agertu ostean garbiketa lanak egin behar dituztelako.

Enpresa batzordeak ohar bidez azaldu duenez, zuzendaritzak asteazkenean jakinarazi zion 8. pabiloian neurtutako amianto kopurua legeak baimendutakoa baino altuagoa zela eta bertako langileek ezingo zutela beren lanpostuetara joan.

Ostegunean, enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatu zion ondoko bi pabiloietan neurketa gehiago egiteko, eta, gainera "ekoizpena eteteko" proposatu zion "pertsona guztien osasuna bermatu arte".

Horren ostean, zuzendaritzak erabaki zuen 7. eta 9. pabiloietan azterketak egitea eta 8. pabiloiko langileei laginak hartzea.

Asteartean jakinarazi zien zuzendaritzak abuztuaren 28an hartutako sei laginetatik lauk positibo eman zutela, eta, ondorioz, badaezpadako neurri gisa, hiru pabiloietako langileak etxera bidali ditu.

Bestalde, enpresa batzordeak Osalanen jarrera salatu du gertatutakoari "garrantzia kendu" diolako.

Osalanek, bere aldetik, esan du kasua "jarraitzen" ari direla, eta "esku hartuko" dutela dagokionean, hala egin behar badu.

Enplegu Sailetik azaldu dutenez, Osalanek "beti" aztertzen ditu kasuak, "zerbait gertatzen ari dela jakiten duenean".

Era berean, zehaztu dute enpresaren prozedura "egokia" izan dela: "Amiantoa kentzeko plana aurkeztu behar dute, eta, ondoren, txosten teknikoa egiten da, Lan Agintzaritzak onar dezan, eta kasu honetan hala egin da". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Lana berriak CAF Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Beasain Albisteak Osasun albisteak Industria gaur Goierri azken ordukoa