Ekonomia -

Enpresak

Indrak eta Bain Capitalek akordioa lortu dute ITP Aeroren % 9,5 erosteko

Akordioak 175 milioi euroko balioa du eta, horri esker, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza izango du. Indrak aurrerapausoa eman du "Espainian Defentsa sektoreko enpresa bultzatzaile" izateko, enpresako presidentearen esanetan.

ITP Aeroren egoitza Zamudion. Artxiboko irudia: Efe
ITP Aeroren egoitza Zamudion
ITP Aeroren egoitza Zamudion. Artxiboko irudia: Efe

I.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indrak eta Bain Capital funts estatubatuarrak akordioa lortu dute ITP Aeroren % 9,5 eskuratzeko, 175 milioi euroko kostua izango duen operazio bati esker.

Multinazionalak prentsa ohar baten bidez zabaldu duenez, Indrak, horrela, "tamaina horretako parte-hartzea duen edozeinen ohiko eskubideak izango ditu, baita Administrazio Kontseiluan ordezkaritza ere". 

Bestalde, operazioari esker, dio oharrak, Bain Capitalek "ITP Aeroren hazkundea sustatu eta nazioarteko merkatuetan presentzia handiagoa izango du. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren mendekoa den Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) parte-hartzearekin batera, 2022ko azaroan, forma ematen dio Bain Capitalek ITP Aero erosteko baimena ematen zuen Ministroen Kontseiluaren abuztuko akordioan aurreikusitako Espainiako industria-enpresen eta erakundeen partzuergoari".

"ITP Aeroren kapitalean sartzeko operazioak izaera industriala du eta aurrerapausoa ekarriko du Indraren hazkunde estrategia berrian, Espainian Defentsa sektoreko enpresa bultzatzaile handi bihurtzeko", esan du Marc Murtra Indrako presidenteak. 

Bestalde, Carlos Alzola ITP Aeroren zuzendari nagusiaren iritzian, "Indra akziodun bihurtuta, eta kolaborazio teknologikoaren akordioaren baitan, ITP Aerok hazkundeari eutsiko dio, abiazio zibilaren susperraldiak eraginda, hala nola defentsa sektoreko eskari handiak. Akordioaren bidez, bi enpresen arteko sinergiak sustatu egiten dira, eta horrek lagundu du A&Dren balio-kate osoan gaitasunetan etengabe hazten eta inbertitzen".

Operazioaren berri izan ostean, Indraren akzioek % 3 inguru egin dute behera. Hala, burtsan galerekin hasi du eguna, eta Ibex 35en gehien galdu duena izan da, 09:35 aldera % 2,74 galdu baitu, alegia, 13,13 euro akzio bakoitzeko"·

ITP Aero aeronautikako motorretarako osagaien ekoizle nagusietakoa da nazioartean, pasillo bikoitzeko hegazkinen erdietan baino gehiagotan daude berak ekoitzitako piezak. ITP Aerok Zamudion (Bizkaia) du egoitza, eta 4.700 langile baino gehiago ditu guztira.

Jaurlaritzak uste du operazioak "egonkortasuna" ekarriko duela

Indrak eta Bain Capitalek egindako akzioen erosketak "etorkizun interesgarria ekarriko du enpresaren garapenari begiratuta". 

"Enpresaren finkatzearen aldeko apustua aipatu dezakegu, Eusko Jaurlaritzak egindako erkarpenari esker, eta itxaropentsu gaude etorkizun teknologikoari erreparatuta zabalduko diren aukerengatik. Bi alde horiek (finkatzea eta teknologia) negoziazioen hastapenetik aintzat hartu izan ditugu Jaurlaritzatik, eta espero dugu akziodun guztiek bultzatzea", esan du ohar batean Jaurlaritzak. 

Gainera, erantsi duenez, "ITPren zailtasunen eta ziurgabetasunen ostean, uste dugu abiapuntu interesgarria dela ekarriko duen egonkortasuna dela eta, nahiz eta oso beharrezkoa izango den lehenetsiko dituzten esparruak, industria, teknologia eta negozioaren ikuspuntutik, etorkizuneko erronkak lehiakortasunez hartu ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Enpresaburuak