Ekonomia -
LAN GATAZKA
Euskotreneko lanuzteek %80ko jarraipena izan dutela diote sindikatuek
ELA, Independenteak, ESK eta CGTk deitu dituzte geldialdiak "planifikazio eza" salatzeko eta 50.000 erabiltzaile baino gehiagori eragingo diete gaur. Euskotren Sozietate Publikoak deitoratu egin du sindikatuek lanuzteei eustea, "nahiz eta negoziazioak irekita egon".
EITB MEDIA
Euskotrenen gehiengo sindikalak (ELA, Independenteak, ESK eta CGT) gaur deitutako lanuzteek % 80ko jarraipena izan dutela jakinarazi du. "Langile gehiago" kontrata ditzatela eskatzeko eta "planifikazio eza" salatzeko egin dituzte protesta ekintza horiek.
Sindikatu horien hitzetan, protestek "jarraipen eta eragin zabala" izan dute goizeko zerbitzuetan Euskotrenen linea guztietan; trenetan, tranbian, autobusetan eta funikularrean. "Langile faltaren, zerbitzuen murrizketen eta kalitatearen okertzearen aurrean langileek duten haserrea" erakusten dutela jarraipen honek uste dute.
Eguneko lehen lanuzteak 07:00etatik 09:00etara egin dituzte. Arratsaldean, berriz ere geldituko dute zerbitzua 18:00etatik 20:00etara, tren-konpainiak EAEn eskaintzen dituen zerbitzu guztietan (trena, tranbia, autobusa eta funikularra). 50.000 erabiltzaile baino gehiagori eragingo diete geldialdiok.
Protesta ekintzen berri ematen zuen oharrean, planifikazio ezak eta langile faltak egunero zerbitzuen % 25 inguru kaltetzen dituela salatu zuten sindikatuek. Besteak beste, zerbitzuak bete gabe geratzen direla, ibilbidean erabiltzaileek beharrezko arreta ez dutela jasotzen eta ordutegietan gorabeherak izaten direla esan dute. Halaber, langileen atseden orduak ere ez direla errespetatzen gehitu dute.
Horrez gain, festetako eta gauetako zerbitzu berezietan segurtasuna indartzeko ere exijitu dute.
Euskotrenek lanuzteei eustea deitoratu du, "negoziazioak irekita egon arren"
Bestalde, Euskotren Sozietate Publikoak deitoratu egin du sindikatuek lanuzteei eustea, "nahiz eta negoziazioak irekita egon". Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak ezarritako % 30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituela ziurtatu du Euskotrenek ohar batean.
Euskotrenek gogorarazi du deitutako lanuzteek eragina izango dutela trenbideak Bizkaian eta Gipuzkoan ematen dituen zerbitzuetan: Usansoloko Ospitalera eta Zamudioko Teknologia Parkera doazen tren-busetan; metroaren 3. linean Bilbon; Bilboko eta Gasteizko tranbietan; Larreineta funikularrean eta Larreineta-Zugaztieta autobus-zerbitzuan, Trapagaranen (Bizkaia); eta foru-sistemetarako kudeatzen diren autobusetan: Bizkaibusen Bizkaian (Eskuinaldea eta Ezkerraldea) eta Lurraldebusen Gipuzkoan (Debabarrena eta Urola Kosta).
Deialdi honek herritarren artean izan ditzakeen eragozpenak deitoratu ondoren, Euskotrenek erabiltzaileei gogorarazi die informazio gehiago dutela bezeroei informazioa emateko telefonoan (944 333 333), www.euskotren.eus webgunean eta Euskotrenen app ofizialean.