Ekonomia -
HMEI
Europako Auzitegiak Estatuko epaileei agindu die HMEI indizearen informazioa argia jaso zela egiaztatzeko
Argitaratutako sententziaren arabera, kontsumitzaileek HMEI indizearen kalkuluaren inguruko informazio garbia eta nahikoa jaso behar dute. Hori egiaztatzea, estatuko organu judizialei dagokiela dio Luxemburgoko epaitegiak.
EITB Media
Europako Justizia Auzitegiak kontsumitzaileek Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizearen (HMEI) kalkuluari buruzko informazioa gardena eta nahikoa jaso zutela egiaztatu behar dela erabaki du eta egiaztapen hori egitea Estatuko organu judizialei dagokiela esan du.
Gaur eman duen sententzia Mallorkako epaitegi batek, Santander Bankuak indide honekin egindako hipoteka baten kasuari buruz, egin dizkion galderei erantzunak emateko izan da. Kasu konkretu honetan, Europako auzitegiak Espainiako Bankuak 1994an argitaratu zuen zirkular bat aipatzen du. Bertan, HMEI indizeari diferentzial negatibo bat ezarri beharko litzaiokeela esaten zen, merkatuko gainerako indizeekin berdindu ahal izateko.
Epaitegiaren arabera, kasu honetan kontsumitzaileak informazio hori ez zuen jaso. Bere esanetan, Mallorkako epaileari dagokio dokumentu horren garrantzia zehaztea, baina ulertzen du informazio hori "garrantzitsua izan zitekeela", Espainiako Bankuak finantza entitateei ohartarazpena egin zielako merkatuko gainerako tipoen inguruan eta diferentzial negatibo bat ezartzeko beharraz.
Europako epaitegiak dionaren arabera, galdera egin dion epaile honek egiaztatu beharko du informazio hori jakitea maila arrunteko jakintza duen kontsumitzaile bati eskatu ote dakiokeen, ikerketa juridiko baten kontestuko informazioa delako.
Azkenik, klusularen gehiegizkotasunari buruz, ebazpenak dio Santander bankuak egiaztatu beharko duela bakarka negoziatu zuela eta, hala ez balitz, Mallorkako epaileak ebaluatu beharko duela eskakizun hori fede onean hautsi ote zen eta kontsumitzailearen kalterako desokera garrantzitsua egon ote zen.