Ekonomia -

lanuzteak

Lau hegaldi bertan behera gelditu dira Bilboko Aireportuan Air Europako pilotuen grebaren ondorioz

Ostiralera arte dago deituta pilotuen greba. Loiuko aireportua eta Madrilgoa lotzen dituzten hegaldietako batzuk dira bertan behera geratutakoak.

Bilboko Aireportua.
Bilboko Aireportua.
Bilboko Aireportua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, Maiatzaren Lehenarekin, abiatu zen Air Europa konpainiako pilotuen greba, eta, ondorioz, hainbat hegaldi utzi behar izan dituzte bertan behera: lau izango dira gaur.

Aenak jakinarazi duenez, gaur aurreikusita zeuden hegaldietako lau ez dira aterako: 08:30ean eta 16:50ean Madrilera joan behar zutenak eta handik abiatuta 12:00etan eta 20:05ean Loiura iristekoak zirenak. Hegaldi hauek guztiek Loiu eta Madrilgo aireportuak lotu behar zituzten. Atzo hiru hegaldi geratu ziren bertan behera.

Gaur ez ezik, bihar eta etzirako ere dago deituta greba. Konpainiak bere webgunean argitaratu duen informazioaren arabera, euskal aireportuei dagokionez, Bilbokoan soilik nabarituko da geldialdiaren eragina.

Aireko Lineetako Pilotuen Espainiako Sindikatuak (Sepla) adierazi duenez, lan-hitzarmen berriaren negoziazioetan, "Air Europako zuzendaritzak eragin duen gatazka eta tentsioa" direla eta sortutako greba da honakoa. Enpresa "langileekin eskubideekin jolasten" eta "langileen eskubideen galera dakarten neurriak proposamen gisa" aurkezten ari dela salatu du sindikatuak.

Pilotuen hitzetan, zuzendaritzak "negoziazioaren ordez liskarra" bilatu du eta, "bi aldeen arteko ulermen puntu bat bilatu ordez, pilotuak mehatxatu eta deskalifikatu ditu" Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazio arteko Zerbitzuarekin (SIMA) egindako jardunaldietan.

Air Europa enpresak, bere aldetik, greba hau "arduragabea eta berekoia" dela salatu du publiko egin duen zirkularrean. Grebaren ondorioz "etorriko diren galerek etorkizuneko ekintzak (hegazkin berriak erostea, adibidez) eta Bideragarritasun Plana betetzea zalantzan" jarriko dutela azaldu du. "Neurri zorrotz eta berekoi honek eta izango duen eraginak ez die ordezkari sindikalei eta pilotuei euren helburuak lortzen lagunduko; kontrakoa lortuko dute", ohartarazi du komunikatuan.

Bien bitartean, Facua kontsumitzaileen elkarteak grebaren ondorioz kaltetu diren bidaiariei gogorarazi die eskubidea dutela bidaia-txartelaren zenbatekoa, hegaldia bertan behera gelditu izanak sortutako gastuen ordaina eta, gutxienez, 250 euroko kalte-ordaina eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Iruñea-Noain aireportua