Ekonomia -
2022-2026 bosturtekoa
Kupo berria eta Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketak argitaratu ditu BOEk
Lege horien aldaketak Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak hitzartu zituzten iazko azaroan. Aurten, otsailean, hiru lege proiektuak onartu zituzten Kongresuan, eta hilabete geroago jaso ditu Estatuko Aldizkari Ofizialak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatuko Aldizkari Ofizialak 2022-2026 bosturtekorako Kupoa berritzen duen lege proiektua argitaratu du gaur, asteartearekin. Horren arabera, 1.472 milioi euroko ekarpena egingo dio Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Estatuari. Halaber, Kontzertu Ekonomikoan eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoan adostutako aldaketak eman ditu argitara BOEk.
Lege horien aldaketak Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak hitzartu zituzten iazko azaroan. Aurten, otsailean, hiru lege proiektuak onartu zituzten Kongresuan, eta hilabete geroago Estatuko Aldizkari Ofizialak jaso ditu.
Hala, Kontzertu Ekonomikoa aldatzeko lege proiektuaren arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ogasunek zerga berriak kudeatuko dituzte: plastikozko ontzien gaineko zerga berezia eta fortuna handien gaineko aldi baterako solidaritate zerga, hain zuzen ere, abenduaren 27ko Batzorde Mistoan adostutakoa betez.
Nafarroak, berriz, 104 milioi euro inguru bilduko ditu 2023an eta 2024an, bankuei eta energia konpainiei ezarritako eta plastikozko ontzien gaineko zergei esker.