Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Industrian erabiltzeko lehen hidrogeno berriztagarria sortuko du aurten Hidrogenoaren Euskal Korridoreak
Jose Ignacio Zudaire elkarte publiko-pribatuaren presidenteak iragarri duenez, hidrogenoa gordetzeko bi biltegi handi eraikitzeko leku egokiak aztertzen ari dira. Biak Petronorretik 20 bat kilometrora daude, bata Kantabriarantz eta bestea, Burgoserantz.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Jose Ignacio Zudaire Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidenteak iragarri duenez, aurten bertan ikusiko ditugu elkarte publiko-pribatu horrek —58 enpresek, zortzi erakundek eta 12 zentrok osatutakoa— azken bi urteotan egindako lanaren "lehen emaitzak". Izan ere, industrian, mugikortasunean eta eraikinen bat mantentzeko lehen hidrogeno berriztagarria sortuko dute. "Nola funtzionatzen duen ikusteko balioko du", gaineratu du.
Gaur da Energiaren nazioarteko eguna, eta horren harira, elkarrizketa egin diote Zudaireri Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Korrikoreko presidentearen ahotan, produktu hori gordetzeko bi biltegi handi eraikiko dira Bizkaian —Petronorretik 20 kilometrora, zehaztu duenez— baina horietako batek zati bat edukiko du Kantabrian, eta besteak Burgosen. Dena dela, ohartarazi du "mega-biltegi" horiek "bigarren fase baterako" direla, "2030tik aurrera, hidroduktoak ditugunean. Ordura arte, ekosistema txikiagoetan egingo dugu lan", argitu du.
Nabarmendu duenez, gasaren eta energia berriztagarrien aroa gaindituta, "orain hidrogenoaren unea da". Zudaireren ustez, energia hori "ezinbestekoa" izango da deskarbonizaziorako, batez ere industrian. Horren ildoan, inbertsio publikoaren garrantzia azpimarratu du: "Proiektua garatzea ezinezkoa litzateke". Halaber, araudia garatu beharra dagoela esan du, eta horretan, asteon bertan Bruselak emandako "aurrerapausoak albiste ona" direla adierazi du.
Zudaireren esanetan, "Euskadi hidrogenoaren mapan dago. Hidrogenoaren tutueria handi horiek gure lurraldetik igaroko dira, eta gainera, biltegiak izango ditugu".