Ekonomia -

Antiguako Ama Arrantza Eskola

Ondarroako Arrantza Eskola berria inauguratu dute, Bizkaian sektore nautikoa bultzatzeko

Instalazio berriek Itsasertzeko Nabigazioko eta Arrantzako Erdi Mailako ziklo berri bat izango dute, gainerako hezkuntza-eskaintzarekin batera.

Ondarroako Arrantza Eskola berriaren inaugurazioa.
Ondarroako Arrantza Eskola berriaren inaugurazioa.
Ondarroako Arrantza Eskola berriaren inaugurazioa.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarroako Arrantza Eskola berriak, Antiguako Ama Arrantza Eskolak, instalazio berriak inauguratu ditu gaur goizean, Txomin Agirre ikastola zaharraren egoitzan, udalerriko Kamiñazpi auzoan. Eskola berriari esker, Bizkaiko eta, bereziki, Lea Artibai eskualdeko itsas arrantzaren sektorea bultzatuko da.

Eslokak San Inazio kaleko eraikin zaharra utzi (1949an zabaldi zituen ateak) eta erabat berritutako eta hezkuntza-eskaintzara egokitutako instalazioetara igaro da.

Horrela, arduradunek nabarmendu dutenez, itsas arrantzaren sektorea une garrantzitsu batean sustatzea ahalbidetuko du, "ez baitago eskaria betetzeko belaunaldi-erreleborik", Bittor San Millan zentroko zuzendariak azaldu duenez. "Hori guztia, kontuan hartuta Ondarroako portua Kantauri isurialdeko arrantza-porturik garrantzitsuenetako bat dela", gaineratu du.

Portuan ere prestakuntza

Arrantza Eskola berriak 2.500 metro koadro ditu eta 2,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa. Itsasertzeko Nabigazioko eta Arrantzako Erdi Mailako ziklo berri bat izango du, gainerako hezkuntza-eskaintzarekin batera: Itsas Mekanikako Erdi Mailako Gradua, Alturako Patroiaren Goi Mailako Gradua eta Makinen Goi Mailako Gradua. Gainera, ikastetxeak Ethazi metodologia berritzailea jarriko du abian datozen hilabeteetan, ikasleek erronka eta proiektuen bidez lan egiteko.

Halaber, arautu gabeko prestakuntza hezkuntza-eskaintzan ere sartuko da, lanbide-ziurtagiri berriekin. Horrela, besteak beste, sakonera txikiko urpekaritza profesionaleko ikastaroak emango dituzte Ondarroako portuan, itsas arrantzako prestakuntza osatzeko.

Eraikina berritu eta domotizatzeaz gain, simulazioko teknologiarik aurreratuena instalatu dute, bai nabigazioari eta arrantzari dagokienez, bai makinei eta kontrol elektrikoari dagokienez. "Ekipo digitalak dira, bideojoko bat balitz bezala, eta ikasleek sistema elektrikoak, balbulak edo itsasontzia tresna guztiekin goberna dezakete, baita arrantzarako maniobra egokiak egin ere, besteak beste", azaldu du zuzendariak.

Eskolan arrantzan espezializatutako hotz industrialeko tailerrak daude, eskualde osoan erreferenteak, motorren eta mekanizazioaren tailerrak, edo soldadura aurreratuko ekipo eta instalazioak. "Itsasontzi batean, ziklo ezberdinetako profesionalek denetarik ikasten dute; horregatik, oso kotizatuak dira, bai itsasoan, bai lehorrean", azaldu du San Millanek. Izan ere, sektoreko irteera profesionalak oso zabalak dira eta langabezia oso txikia da. "Ikasleek denbora laburrean aurkitzen dute lana", adierazi du zuzendariak.

Arrantza eskola EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sarearen parte da. Sare hori Bilboko Gotzaindegiaren menpekoa da, eta Txomin Agirre ikastola ere sare horretako kide zen. Ikastola hori 2019an itxi zen, udalerrian eta eskualdeko gainerako lekuetan matrikulazioak jaitsi zirelako eta jaiotza-tasak behera egin zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Ondarroa Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Arrantza kanpaina azken ordukoa Lea-Artibai Lanbide Heziketa