Ekonomia -
LAN GATAZKA
Jaurlaritza bitartekari dela, negoziazio mahaian eseriko dira Bizkaiko metalgintzako sindikatuak eta patronala
Bitartekaritza eskatu zuten CCOO, LAB eta UGT sindikatuek eta egun gutxira heldu zen batzarra egiteko deialdia (15:00etan da hitzordua). ELA ere batuko zaie, nahiz eta bitartekaritza eskatu ez.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak bilera batera deitu ditu Bizkaiko metalgintzako sindikatuak eta FVEM patronala gaurko, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Deialdia Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaian gehiengoa duten CCOO, LAB eta UGT sindikatuek astelehen honetan Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu ondotik iritsi da, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko helburuz; izan ere, premiazko ikusten zuten Lan eta Enplegu Sailak esku hartzea, konponbidea aurkitzeko.
Bitartekaritza-eskaera horren ondoren, FVEM patronalak proposamenarekin ados zegoela baina proposamen formalik ez zuela jaso adierazi zuen. ELAren arabera, negoziazioari mahai ofizialean eutsi beharko litzaioke, nahiz eta deitutako bileretan parte hartzeko prestutasuna agertu.
Azkenik, joan den ostegunean, Eusko Jaurlaritzak deialdi bat bidali die alde guztiei, gaurko bilera bat egiteko Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan, 15:00etatik aurrera.
Euskadiko CCOOko iturriek adierazi dutenez, sindikatu horrek, UGTk eta LABek osatutako gehiengo sindikala "negoziatzeko prest" joango da hitzordura, hasieratik negoziazioaren alde egin dutelako. ELAk ere bertan izango dela baieztatu du, "metalurgikoen baldintzak negoziatzen diren" bilera guztietan egon behar dutela uste baitu.