Ekonomia -
Haustura Korporazioan
Eusko Jaurlaritza: "Jarduera kooperatiboak indartsu izaten jarraituko du Euskadin"
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak "zorterik onena" opa die bi enpresei eta Mondragon Korporazioari, "aro berri honetan".
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak (Arantxa Tapia da sailburua) errespetua agertu du Ulmak eta Oronak hartutako erabakiaren aurrean. Halaber, konbentzimendua erakutsi du: "Jarduera kooperatiboak indartsu izaten jarraituko du", Euskadin.
Ohar bidez, Sailak nabarmendu du Ulma Taldeko eta Oronako bazkide kooperatibistek "modu sendoan eta zilegitasunez" erabaki dutela, Donostian eta Hernanin, hurrenez hurren, egindako batzarretan.
"Euskadiko industria, orain, antolamenduko errealitate berri batean dago, eta, bertan, jarduera kooperatiboak indartsu izaten jarraituko du", adierazi du.
"Alde guztiok egokitu behar gara errealitate berri honetara, eta elkarrekin aritu behar gara Euskadiko ekonomiari lehiakortasuna emateko", amaitu du.
Halaber, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatuak Aldundiaren "errespetua" agertu du, Ulmako eta Oronako bazkideek, "subiranotasunez", hartutako erabakiaren aurrean. Horrez gain, "zorterik onena" opa die bi enpresei eta Mondragon Korporazioari, "aro berri honetan".
"Guztiak eragile erabakigarriak dira, gure garapen ekonomiko eta sozialerako", ziurtatu du Larrañagak, ohar bidez; haren iritziz, "aurrera begiratzeko, eta etorkizunaren alde lan egiteko" garaia da: "Erakundeetatik, enpresekin elkarlanean jarraitu behar dugu, eta helburu komuna izan behar da industria lehiakorra eta ekonomia sendoa izatea, Gipuzkoan eta Euskadin, gure ongizatea eta kohesio soziala bermatzeko", nabarmendu du.
Adierazi duenez, "eredu kooperatiboak Gipuzkoari egindako ekarpena eztabaidaezina da, eta jarraipena izango du"; izan ere, "kooperatibismoak iradokitako balioak gure lurraldeko balioak dira, eta, enpresa konfigurazioa edo konfigurazio juridikoa gorabehera, benetako erronka da egunerokoan bizirik izatea, eta etorkizunera proiektatzea, enpresa lehiakorrak izaten jarraitzeko. Hori da gure ardura kolektiboa, babestu behar dugun ondarea, hurrengo belaunaldiei utzi behar dieguna", amaitu du.