Ekonomia -
diru sarrerak bermatzeko legea
DSBEa pobreziaren atalasearen arabera finkatuko da, alokairuaren gastua deskontatu ondoren
Pobrezia arriskuaren tasaz gain, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk beste adierazle bat gehitzea adostu dute diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko.
agentziak | eitb media
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) zenbatekoa kalkulatzeko, pobrezia arriskuaren tasa hartuko da kontuan, edo, bestela, "pobreziaren atalaseen batez besteko haztatua, etxebizitzaren alokairuari dagozkion gastuak deskontatu ondoren".
Diru Sarrerak Bermatzeko euskal Legea izapidetzen ari dira Eusko Legebiltzarrean, eta hori eztabaidatzeaz arduratzen den batzorde txostengilean, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketa bat adostu dute, DSBEa kalkulatzeko adierazle berri bat gehitzeko.
Lege proiektu horrek bazuen hiru taldeen arteko itun bat, prestazioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatari lotuta egoteari uzteko, eta 2024tik aurrera pobrezia arriskuaren tasaren adierazlera pasatzeko, hau da, Estatu osoari dagokion batez besteko errentaren % 60ra. Orain, hiru alderdiek adostu dute beste adierazle bat gehitzea DSBEaren zenbatekoa kalkulatzeko.
Hala, DSBEa ez da soilik pobrezia arriskuaren tasaren arabera kalkulatuko. Aldiz, "Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestari dagozkion diru sarreren pobrezia atalaseen batez besteko haztatua" ere kontuan hartuko da, "etxebizitzaren alokairuari dagozkion gastuak deskontatu ondoren".
Azkenean esleituko den zenbatekoa hartzailearentzat onuragarriena dena izango da.