Ekonomia -

Siemens Gamesa

Siemens Gamesa eta sindikatuak batzartuta, kaleratzeak aztergai

Bilera Zamudion egiten ari dira. Espainiar Estatuan, aurreikuspena da 475 kaleratze egotea. Sindikatuek, balizko akordioa adosteko, "kaleratze traumatikorik" ez egotea eskatzen dute; enpresaren helburua da "nahita ez diren kaleratzeak gutxienera murriztea".

Siemens Gamesak Zamudion dituen bulegoak. Argazkia: EFE.
Siemens Gamesak Zamudion dituen bulegoak. Argazkia: EFE.
Siemens Gamesak Zamudion dituen bulegoak. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siemens Gamesa eta sindikatuak batzartu dira, Zamudion (Bizkaia), enplegu mahaian. Bileraren xedea da espainiar Estatuan izango diren kaleratzeak negoziatzea, iturri sindikalek adierazi dutenez.

Urriaren 4an, enpresak eta CCOO, UGT eta ELA sindikatuek bilera telematikoa egin zuten. Bertan, konpainiak planaren xehetasun batzuk eman zituen; guztira, 475 lanposturi eragingo die espainiar Estatuan. Mundu mailan, aldiz, 2.900 langileri eragingo die planak, 'Mistral' izeneko programa estrategikoaren barnean.

Bilera horretan, Siemens Gamesak sindikatuei esan zien 475 kaleratze horietatik 80 izango direla kontratua berrituko ez dieten aldi bateko langileenak; 43 errotazio naturalekoak dira, eta "denborak aurrera jo ahala desagertzen dira"; eta 352 bulegoetan gauzatuko dituzte. Gainerako 80 eta 43 lanpostuei dagokienez, ez dute oraingoz zehaztu horiek ere bulegoetan izango diren, ala ez.

Halaber, baieztatu zuten Gamesa Electric eta Gamesa Energy Transmission negozio unitateei ez diela eragingo, ez bulegoetan, ez fabriketan. Gamesa Energy Transmission, biderkatzaileen unitatea bera, Mungian eta Asteasun dago.

"Kaleratze traumatikorik ez izatea"

Plana, iragarrita zutenez, bi urtetan garatuko dute. Enpresak enplegu mahaia deitu du akordio bat ixteko aukera aztertze aldera. Sindikatuek eskatzen dute balizko akordio hori adosteko "kaleratze traumatikorik ez egotea". Berriro ere, CCOO, ELA eta UGT sindikatuak deitu dituzte.

Enpresak, bere aldetik, adierazi du saiatuko dela kaleratze traumatikorik ez izatea, beste lanpostuak emanez, eta sustatutako bajak eta aurretiko erretiroak baliatuz. Helburua da "nahita ez diren kaleratzeak gutxienera murriztea".

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek eta Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak bilera eskatu diote Siemens Gamesari; izan ere, Sarrigurenen dauden bulego korporatiboei ere eragingo die planak. Foru Gobernuaren helburua da enpresan enpleguari eustea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan EAE albisteak Siemens Gamesa bideoak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Lan gatazkak albisteak gaur