Ekonomia -

lan gatazka

Bizkaiko metalgintzako patronalak "arduragabekeriatzat" jo ditu hiru greba deialdi berriak

Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioak sindikatuei mugitzeko deia egin die hitzarmen bat egon dadin. Sindikatuak, baina, zatituta bada ere, bat datoz esatean patronala dela akordiorako borondaterik ez duena. Hala, berretsi dute akordiorik ezean, protestekin jarraituko dutela.

Mobilizazioa Bizkaiko metalaren hitzarmenaren alde. Artxiboko argazkia: Efe
Mobilizazioa Bizkaiko metalaren hitzarmenaren alde. Artxiboko argazkia: Efe
Mobilizazioa Bizkaiko metalaren hitzarmenaren alde. Artxiboko argazkia: Efe

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioak (FVEM) "arduragabekeriatzat" jo ditu sindikatuek urriaren 27rako, 28rako eta azaroaren 2rako deitutako greba deialdi berriak. Halaber, sindikatuei esan die "mugitzen ez badira, ezinezkoa dela hitzarmen bat negoziatzea".

Bizkaiko Metalgintza arlorako lan hitzarmen duinaren alde beste hiru greba egun deitu dituzte sindikatu guztiek, baina deialdi bananduekin. Alde batetik, negoziazio mahaian gehiengoa duten CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuak eta, bestetik, ELA. Guztiak bat datoz, baina, esatean, lan hitzarmena berritzeko FEVEMek negoziaziorako borondaterik ez duela eta negoziazioa bera blokeatzen duela.

FVEMeko zuzendari gerente Adolfo Reyk Europa Pressi egindako adierazpenetan, baina, "arduragabekeriatzat" jo ditu hiru greba deialdi berriak eta grebok Bizkaiko metala "mailarik txarrenean" utziko dutela.

Gogorarazi duenez, patronalak hiru proposamen aurkeztu ditu negoziazio prozesuaren baitan, "negoziatzeko bokazioa" duela erakusten dutenak, baina "duela hiru urteko proposamen berarekin" jarraitzen dutela sindikatuek. "Eskatzen dudana ematen ez badidazu, haserretu egiten naiz. Baina negoziatzea ez da hori, beste kontu bat da", ohartarazi du. Ildo horretan, hilabete hauetan guztietan "akordio batera iristeko zer egin duten" galdetu die sindikatuei.

Era berean, FVEMeko ordezkariak azpimarratu du urriaren 13an beste bilera bat deitu dutela negoziazio-mahairako, eta sindikatuak direla "mugitu behar dutenak". "Gure jarrera baloratzen ari gara, eta erabakitzen dugun estrategiaren arabera jokatuko dugu; argi dagoena da, haiek mugitzen ez badira, ezinezkoa dela hitzarmenik egotea", ziurtatu du.

Negoziazio mahaian gehiengoa duten sindikatuek (CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT) ostegun honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan adierazi dute patronala bera dela egoera blokeatzen ari dena eta ohartarazi dute, hiru greba egun berrien ostean hitzarmenaren negoziazioan "akordiorik egon ezean", deialdi berriak egiten jarraituko dutela.

Sindikatuokin duela gutxira arte deialdi bateratuak babesten zituen ELAk, bere aldetik, aparte egin ditu urria eta azarorako deialdiak, eta zaila dirudi mobilizazioetan batzea beste sindikatuek gaur egin dute. Sindikatuon banaketa negoziazioaren planteamenduari buruz eta deitu beharreko grebaren iraupenaz dituzten iritzi kontrajarriek eragin dute. Izan ere, ELAk egun bananduetarako deialdien ordez astebeteko greba edo luzeagoa deitzearen aldeko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Metalgintza