Ekonomia -
Negoziazioa
Funtzionarioentzako soldata igoeraren eskaintza hobetu du Espainiako Gobernuak, % 8tik % 9,5era
Gertuago egon liteke akordioa sindikatuen eta exekutiboaren artean. UGTren hitzetan, "ziurrenik, oniritzia" emango diote gaur. Ogasun Ministerioak egindako "ahalegina" balioan jarri du CCOOk, eta sindikatuaren zuzendaritza taldearen esku utzi du erabakia.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak funtzio publikoko langileentzako soldata igoeraren proposamena hobetu du, eta 2022-2024rako % 9,5eko igoera eskaini du, negoziazioan parte hartu duten iturriek jakinarazi dutenez. Bigarren eskaintza horrek % 1,5 gehitu dio hasierako proposamenari, eta aldeak hurbildu ditu. Izan ere, UGTk iragarri du ziurrenik onartuko duela, eta CCOOk balioan jarri du Ogasun Ministerioak egindako "ahalegina".
% 9,5 igoera hori horrela banatuta legoke: 2022rako % 1,5eko hazkunde gehigarria (onetsita dagoen % 2koari gehituko zaio atzeraeraginez aplikatuko litzaiokeena). 2023rako, % 2,5eko igoera finkoa proposatu du Espainiako Gobernuak, eta bi aldagarri: bata, 2022-23ko KPI metatuari lotuta, baldin eta % 6tik gora badago; kasu horretan % 0,5 gehituko litzateke. Beste hazkunde aldagarria (hori ere % 0,5ekoa), KPIari lotuta egongo litzateke (% 5,9 gainditzen badu).
2024ari begira, funtzionarioek % 2ko hazkunde finkoa edukiko lukete soldatan, eta % 0,5eko gehigarria 2022-2024 aldian KPI metatuak % 8 gainditzen badu.
Horrez gain, lanaldia asteko 35 ordura murriztea aurreikusten du berriro, baita barne promoziorako, mugikortasunerako eta sarbiderako hobekuntzak ere. Testuan honako hauek ere aipatzen dira: aurretiazko erretiroa, ordezkatze tasa, berdintasun neurriak, digitalizazioa eta talentua erakartzeko bestelako bitartekoak.
Sindikatuen iritzia
Ogasun Ministerioak egindako eskaintzak UGT asebete du, eta hori horrela, "litekeena da oniritzia" ematea, Julio Lacuerda UGT Zerbitzu Publikoak saileko idazkari nagusiak aurreratu duenez.
"Aurrerapauso oso nabarmena izan da, eta inflazioa apaltzeko helburuarekin, nahikoa errealista iruditzen zaigu", azaldu du.
CCOOk ere Ogasunak egindako "ahalegina" goraipatu du, eta "aurrerapausoa" dela aitortu. Humberto Muñoz CCOOko Arlo Publikoko koordinatzaileak esan du gaur bilduko dela sindikatuaren zuzendaritza, eta zirt ala zart erabakiko dutela.
CSIF Funtzionarioen Zentral Sindikal Independenteak, ordea, proposamena "nahikoa ez" dela uste du, eta gogora ekarri du KPIa % 10etik gora dagoela. Astelehenerako (orduan bilduko da berriro mahaia) proposamena aztertuko dutela hitz eman du, baina Ogasunak "hainbat kontu hobetuko dituelakoan" dago. Esate baterako, bi zenbakiko igoera espero dute.