Ekonomia -

Parke eolikoak

Statkraftek aerosorgailu handiagoak, 200 metroko altuerakoak, egin asmo ditu lur gutxiago okupatzeko

Jon Zayas euskal ingeniari eta enpresako proiektuen zuzendariak Statkfraften asmoak aurreratu ditu Radio Euskadin. Zehaztu duenez, proiektuetako batean, zazpi errota Aramaion kokatuko dira, eta bat, Eskoriatzan. Bestean, hiru aerosorgailu Azpeitian jarriko dira, eta bi, Errezil eta Zestoa artean.

Piaspen eraiki nahi duten parke eolikoa
Piaspen eraiki nahi duten parke eolikoa
Piaspen eraiki nahi duten parke eolikoa

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin bi parke eoliko eraikitzeko asmoa duen Statkraft enpresaren asmoak aurrera darrai. Norvegiako enpresak eta Azpeitiko Udalak Piaspe proiektu eolikoari buruzko xehetasunak urriaren 11n emango dituztela jakin ondotik, Jon Zayas euskal ingeniari eta enpresa norvegiarreko proiektuen zuzendariak Radio Euskadin aurreratu du oraingoz, Euskadin egun daudenak baino bi edo hiru aldiz handiagoak diren aerosorgailuak planteatzen ari direla.

Zayas arduratuko da datozen asteetan egingo diren jendaurreko jardunaldietan parte hartuko duten herrietako bizilagunei planaren nondik norakoak azaltzeaz, baina, dagoeneko, eman ditu aerosorgailuen kokapenari buruzko zenbait argibide. "Itsarazen, guztira zortzi aerosorgailu jarriko dira: zazpi, Aramaion, eta bat, Eskoriatzan", zehaztu du. Piaspe parkeari dagokionez, "bost aerosorgailuz osatutako parke bat planteatzen dugu; hiru aerosorgailu, Azpeitian, eta beste bi aerosorgailu, Errezil eta Zestoa artean", azaldu du.

Zayasen arabera, errota handiak egitea da asmoa, lur gutxiago okupatzeko; eta 200 metroko altuerara irits litezke, Euskadin martxan dauden parke eolikoetan daudenen bikoitza edo hirukoitza: "205 metroko altuera eta 170 metroko diametroa izango lukete", nabarmendu du euskal ingeniariak.

Eoliko horiek sortzen duten elektrizitatea proiektuan parte hartu edo inbertitu nahi duten udalerrien eta enpresen artean banatuko da. Eta hemen, Zayasen arabera, Statkraft hainbat aukera aztertzen ari da: fisikoki konektatzen duen kable bidez egitea, adibidez, Fagorrek Debagoienan dituen fabrikekin, edo hornidura kontratu merkeen bidez egitea.

Herritarrei dagokienez, energia-kooperatibak eratzeko deia egingo dute, baina oraindik eredua definitzeko lanean ari direla aurreratu du Zayasek, eta gaineratu du betiere proiektu adostua izango dela.

"Eredu disruptibo bat sortu nahi dugu, jendeari entzuteko eta alde guztien lankidetza sustatzeko (udalak, herritarrak, industria, EEE...)", azaldu du. "Desberdin egin nahi dugu, eta batez ere", azpimarratu du, "entzun egin nahi dugu, proiektua guztiok nahi dugun horretara egokitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Azpeitia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Energia berriztagarriak Energia Gorbeialdea gaur