Ekonomia -
Energia
Astearte honetan onartuko dute gasaren BEZa % 21etik % 5era jaistea
Urritik aurrera aplikatuko da jaitsiera eta, hasiera batean, urte amaierara arte egongo da indarrean. Hala ere, egoeraren arabera, luzatzea ere posible ikusten du Gobernuak.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak aurreratu duenez, Ministro Kontseiluak asteartean onartuko du gasaren BEZa % 21etik % 5era jaitsiko duen dekretua.
Irail hasieran iragarri zuen neurria eta orduan aurreratutakoaren arabera, jaitsiera urritik aurrera aplikatuko da eta indarrean egongo da urtea amaitu arte. Dena dela, 2023an zehar ere luzatu daiteke jaitsiera hori, egoerak hala eskatzen badu.
PSOEren Politika Federalaren Kontseiluan egin du gaur iragarpena Sanchezek, Zaragozan. Bertan, alderdiko buruzagiak eta lurraldeetako ordezkariak ondoan zituela, Sanchezek bere Exekutiboaren jarduna gogor defendatu du.
"Justizia soziala" eta "justizia fiskala" aldarrikatu ditu sakrifizio gehien egiten eta gehien sufritzen ari direnei laguntzeko. Aitzitik, garai hauetan etekinak izaten ari diren horiek "ogasunean gehiago eman" behar dutela ere gaineratu du.
Maria Chivite Nafarroako presidente eta PSNko buruak ere ildo berean hitz egin du. Pandemiak zein Ukrainako gerrak eragindako krisia "irabazle eta galtzailerik" gabe kudeatu behar deala esan du eta euren jarduna defendatu du: "eragin sozial sakona duten neurriak hartzen jarraituko dugu, babes ekonomikoa emanez, egungo egoera hau ahalaik eta babes publiko handienarkin gainditzen laguntzeko".