Ekonomia -
Garraioa
EAEko taxilariek uste dute 2023rako tarifak % 13 igo litezkeela, KPIaren gorakadaren ondorioz
Taxiaren Euskal Federazioak bilera eskatu du irailerako Eusko Jaurlaritzarekin, tarifa horien berri izateko, kontuan izanik azken hitza administrazioak duela.
EITB MEDIA
EAEko taxilariek uste dute 2023rako tarifak % 13 edo % 14 igo litezkeela, KPIaren gorakadaren ondorioz. Taxiaren Euskal Federazioko presidente Borja Musonsek iragarri duenez, bilera eskatu dute irailerako Eusko Jaurlaritzarekin, tarifa horien berri izateko, kontuan izanik araututa dagoen sektore honetan azken hitza administrazioak duela.
Testuinguru horretan, Musonsek adierazi du Eusko Jaurlaritzak "bere gain hartu behar" duela taxilarien lana "ordainduta eta errentagarria" izatea, eta zehaztu du taxietako tarifak administrazioak ezartzen dituela urteko amaieran, hurrengo ekitaldirako: "Arraroa da ekitaldi-erdian aldaketak izatea", azaldu du.
Hortaz, eta erregaiaren prezioaren gorakadaren harira, onartu du ez dela aldaketarik egin. Euskadiko taxilarien ordezkariak esan duenez, erregaiaren prezioan izandako igoera autonomoak hartzen duela bere gain, taxilariak berak: "Berdin ari gara kobratzen zerbitzu batengatik, nahiz eta esplotazio-gastuak handiagoak diren", baieztatu du. Hala ere, nabarmendu du taxiaren gasturik handiena ez dela erregaia: "Gidariaren soldata ere hartu behar da kontuan; azkenean, bizi behar du horrek ere".
Nolanahi ere, ziurtatu du ez dakiela igoera % 13koa izango denik. Iraileko bileran eskatu dute hitz egitea 2023ko tarifen gainean, eta berriro ere azpimarratu du administrazioak duela eskumena tarifak zeintzuk ziren ezartzeko.