Ekonomia -
Gamesa
Tapia Siemens Energyren arduradunekin bilduko da ostiral honetan, Alemanian
Ekonomia Garapenerako sailburua Christian Bruch Siemens Energy konpainiako zuzendariarekin bilduko da
Agentziak | EiTB Media
Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua Christian Bruch Siemens Energy konpainiako zuzendariarekin bilduko da ostiral honetan. Eusko Jaurlaritza Alemanian bisita ofiziala ari da egiten, Mercedes, Bayer edo Trumpf enpresetako arduradunekin biltzeko.
Tapia eta Iñigo Urkullu lehendakaria Mercedes-Benz konpainiako furgoneta alorreko arduradunekin bildu dira asteazken honetan, Stuttgarten (Alemania).
Konkretuki, Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua Siemens Gamesa erosteko eskaintza arduradunarekin batzartuko da ostiral honetan. Siemens Energyk Zamudioko enpresa erosteko eskaintza aurkeztu zuen. Era berean, konpainiako CEOk eta Robin Zimmerman komunikazio presidenteordeak bileran parte hartuko dute.
Egun bat lehenago, Trumpf taldearekin biltzea aurreikusita du sailburuak. Industria makinak ekoizten dituen familia enpresa da; Ditzingenen du egoitza, Stuttgartetik gertu. Munduko makina-erreminta eta laser dispositibo hornitzaile handienetako bat da. Iragan martxoan, Alemaniako enpresak Lantek euskal konpainia bereganatu zuen. Horregatik, Alberto Lopez de Biñaspre Lantekeko CEOk EAEko ordezkaritzarekin bat egingo du bisitan.
Bestalde, Bayer Pharmako agintariekin hitzordua izango dute ostiralean. Osasun eta nekazaritza arloko enpresak 150 urte baino gehiagoko historia du.