Ekonomia -
nafarroa
Iruñeko Tele Taxi zerbitzuak greba mugagabea abiatu du
Enpresak adostutakoa bete ezean, litekeena da nafar hiriburuko taxi zerbitzuak Sanferminetan jarduna etetea, ELA sindikatuak ohartarazi duenez. Langileen % 80 baino gehiagok parte hartuko du lanuztean.
agentziak | eitb media
Tele Taxi zerbitzuko langileek greba mugagabea abiatu dute, zuzendaritzari 2022ko otsailean sinatutako aurrehitzarmena bete dezala eskatzeko. ELA sindikatuak ohartarazi duenez, langileen % 80aren babesa izango du lanuzteak eta, enpresak adostutakoa bete ezean, "ez da taxirik izango Sanferminetan".
Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, 2022ko otsailean sinatutako aurreakordio horretan 2021eko soldatak gaurkotzea, 2022rako Nafarroako KPIa areagotzea eta 2023rako KPIa gehi % 0,5 igotzea adostu zuten, urtebeteko negoziaketen ostean.
Hala ere, apirilaren 12an, zuzendaritzak "jakinarazi zuen ez zuela aurrehitzarmena beteko, ez zuela KPIaren igoera bermatuko, ez 2022rako ez 2023rako".
Tele Taxi enplegu zentro berezia da; izan ere, langileen % 70ak desgaitasun graduren bat dauka. Hori dela eta, enpresak dirulaguntzak jasotzen ditu, sindikatuak gogorarazi duenez. Aurretik adostutakoa eta asanbladan aho batez berretsitakoa betetzeko eskatu du sindikatuak.
Era berean, Iruñeko Eskualdeko Mankomunitateari eskatu dio bere ardura gain hartzeko, garraio publikoko autoritate gorena den heinean.
Bestalde, langileek gaitzespena azaldu dute kide taxilari batek berriki jasandako erasoaren aurrean, eta Tele Taxiko telefono-operadoreek jasaten dituzten ahozko erasoen aurrean.