Ekonomia -
Auzitegi Nagusiaren epaia
Petronorreko enpresa-batzordeak espero du zuzendaritzak "norabidez aldatzea"
Iaz aplikatutako aldi baterako erregulazio espedientea bidegabea izan zela berretsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ostegunean. Enpresa-batzordea epaiarekin "pozik" agertu da.
Agentziak | EiTB Media
Iaz aplikatutako aldi baterako erregulazio espedientea bidegabea izan zela berretsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) ostegunean. Enpresa-batzordea epaiarekin "pozik" agertu da, eta zuzendaritzak "norabidez aldatzea" espero du.
Enpresa-batzordeak agiri batean azaldu duenez, aldi baterako erregulazio espedienteak "ez zuen sekula lekurik izan behar Petronorren", "urtez urte aparteko ordu gehiegi lan egitera derrigortuak direlako; ordu horiek jaistea ezinezkoa da, eta langileen kaleratzeak arazoa areagotzen du".
Beharginen ordezkarien ahotan, aldi baterako erregulazioa bidegabea zela defendatu zuten beharginek, eta "orain justiziak gauza bera dio". "Enpresaren jarrera ere bidegabea da izan da denbora guzti honetan, langileak zatitzeko asmoz informazio okerra zabaldu duelako", salatu du.
Beharginen ordezkarien hitzetan, "enpresa-batzordeak espero du zuzendaritzak norabidez aldatzea, instalazioen eta pertsonen segurtasunari lehentasuna emanez, eta akordioak betez".
Azkenik, enpresa-batzordeak gogorarazi duenez, 2021ean eta 2022ko lehen hiruhilekoan, "Petronorrek 215 milioi euro irabazi ditu", eta, beraz, "aldi baterako lan erregulazioen politikak enpresen errealitatearekin zerikusirik ez duela agerian geratu da".