Ekonomia -

Enplegua

Glovoren langileak "autonomo faltsuak" direla berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

ELA sindikatuak azpimarratu du ebazpen hori oso garrantzitsua dela "sektore horretan pairatzen duten prekarietateari aurre egiteko". Halaber, orain, langile horien lan-baldintzak hobetzeko borroka abiatuko duela iragarri du.

Glovo konpainiako banatzaile bat.
Glovo konpainiako banatzaile bat.
Glovo konpainiako banatzaile bat.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du Glovo konpainian lan egiten duten banatzaileak "autonomo faltsuak" direla, hots, enpresa horren soldatapeko langileak izan behar direla, ELA sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez.

ELAk auzitara jo zuen Glovoko 53 beharginen eskubideak defendatzeko eta Bilboko epaitegi batek arrazoia eman zion. Ondoren, enpresak helegitea aurkeztu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpena zuzena dela berretsi du.

ELA azpimarratu du epai hori oso garrantzitsua dela "sektore horretan pairatzen duten eta beste eremu batzuetara hedatzen ari den prekarietateari aurre egiteko borrokan". Hala, aurrerantzean, "banatzaileak lan-araudiaren menpe" egongo direla erantsi du.

"Puntu horretara iritsita, eta plataforma horietarako banaketa-lanak egiten dituztenen lan-izaera eztabaidaezina izanik, erronka Langileen Estatututik eta lanbide arteko gutxieneko soldataren aplikaziotik haratago doan babes-esparru bat ematea da", adierazi du.

Ildo horretan, "ELAk kolektibo hori berariaz arautzea bultzatuko du ostalaritzako probintziako hitzarmen kolektiboetan, 1.200 euroko gutxieneko soldatak bermatuz", iragarri du.

Horrez gain, pertsona horiek autonomo gisa ordaindutako "kuotak itzultzeko" eskatuko du, eta besteren konturako langile gisa izan behar zuten "Gizarte Segurantzako kotizazioen falta zuzentzeko" eskatuko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Epaiketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia