Ekonomia -

BIZKAIA

Ia puntu bat jaitsi du Cebekek 2022rako Bizkaiko ekonomiaren hazkunde-aurreikuspena

% 5,2tik % 4,5era jaitsiko dela uste du Cebekeko presidenteak. Asteazken honetan Bizkaiko patronalak egingo duen ohiko batzar orokorraren harira eman ditu azalpenok. Biharko bilkurara Iñigo Urkullu lehendakaria ere joatekoa da.

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea. Argazkia: Efe
Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea. Argazkia: Efe
Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea. Argazkia: Efe

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak % 5,2tik % 4,5era jaitsi du 2022rako Bizkaiko ekonomiaren hazkunde-aurreikuspena, eta horretarako hiru arrazoi nabarmendu ditu: Ukrainako gerraren ondorioak, energia-kostuen igoera eta inflazio altua.

Bizkaiko patronalak asteazken honetan egingo duen ohiko batzar orokorraren harira, Cebekeko presidente Carolina Perez Toledok prentsaurrekoa eman du Bilbon. Biharko batzar horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartuko du, behin koronabirusa gaindituta, astearte honetan bere agenda publikoa berreskuratu eta gero.

Bizkaiko patronalaren arduradunak adierazi duenez, Ukrainako gerraren ondorioek, energia-kostuen, lehengaien eta horniduren igoerak eta inflazio handiak, besteak beste, urteko bigarren hiruhilekoan eragin zuzena izan dute. Zehazki, industria-sektoreko enpresa txiki eta ertainei eragin dizkiete kalte handienak.

Testuinguru horretan, Cebekek % 4,5eko hazkundea espero du aurten Bizkaian, eta ez aurretik uste zen % 5,2koa. Hau da, ia puntu bat egin du behera aurreikuspenak.

Gauzak horrela, Bizkaiko patronalak "indarrak batu" eta enpresen, langileen, erakundeen eta gobernuen arteko "lana bateratu" behar dela esan du, "guztion onena eskatzen duen egoera konplexu bati erantzuna emateko".

Cebekek 382 enpresari egindako inkestaren emaitzak

Cebekek sektore guztietako 382 enpresari egindako inkestari dagokionez, enpresen % 47k adierazi dute bere eskaera-zorroak behera egin duela Ukrainako gerraren ondorioz. Gainera, % 63ren errentagarritasuna murriztu da aurtengo lehen hiru hilabeteetan.

Bestalde, inkestatuen % 16k soilik uste dute datozen hilabeteetan langile kopurua murriztuko dutela, eta % 92k uste dute ezinbestekoa dela errenten inguruko ituna egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa CEBEK Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak