Ekonomia -
Lan erreforma
Yolanda Diazek patronala eta sindikatuak bilduko ditu bekadunaren estatutua lantzen hasteko
Lan erreformaren arabera, sei hilabete dituzte araudia garatzeko. Helburua da ehunka milaka gazteri eskubideak bermatzea eta bekadun faltsuekin bukatzea.
Agentziak | EITB Media
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrenak eta Lan ministroak iragarri duenez, datorren ostiralean eragile sozialak bilduko ditu bekadunaren estatutua lantzen hasteko. Asmoa da bekadunei eskubideak aitortzeko eta bermatzeko araudi bat garatzea.
TVE telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, Diazek azaldu du CEOE eta Cepyme enpresaburuen elkarteak eta UGT eta CCOO sindikatuak deitu dituela hitzordura. Lan erreformaren arabera, sei hilabete dituzte araudia onartzeko.
Diazen hitzetan, "garrantzi handiko araudia da, eta horri esker ehunka milaka gazte babestuko ditugu, askotan iruzurrezko lan ereduak pairatu dituzte eta".
"Begirada zabalarekin arituko gara, eskubide sorta aitortuko diegula", iragarri du. Horren adibide, bekadun lanetan daudela euren sakelakoa edo ordenagailu eramangarria erabili behar badute konpentsazio ekonomiko bat edukitzeko eskubidea izango dute.
Era berean, Gizarte Segurantzaren ere eskubideak bermatuko zaizkie eta bekadun faltsuekin —"egiturazko lanpostuak betetzen dituzten bekadunak", Diazen arabera— amaitzea dute helburu.