Ekonomia -

ELKARRIZKETA

Garraiolariei "laguntzak ondo aztertzeko eta denen onerako gutxika lanera bueltatzeko" deia egin die Olanok

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, onartu berri dituzten neurriok momentu puntual baterako balio dute, baina gerrak aurrera jarraituz gero, neurri sakonagoak hartu beharko direla.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu duenez, atzo aldundiek hartutako premiazko neurri sortak "epe laburrean erantzuteko dira", baina gerrak jarraitzen badu, neurri sakonagoak hartu beharko direla uste du. Garraiolariei laguntzak "ondo aztertzeko eta denen onerako gutxika-gutxika lanera bueltatzeko" eskatu die ahaldun nagusiak, eta itxaropentsu agertu da: "Guk erantzun dugula uste dugu".

ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan izan da asteazken honetan diputatu nagusia, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek "premiazko neurri sorta" adostu eta biharamunean. "Hiru ogasunak elkarrekin ari gara lanean, erantzun bateratu bat emateko", azaldu du.

Adostutakoaren arabera, zehazki, 5,4 milioi euro inguruko zuzeneko laguntzak emango dizkiote lehen sektoreari, eta zerga gerorapenak eta salbuespen fiskalak jarriko dituzte langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien esku. "Batez ere likidezian dute zerikusia, gerorapenak nagusi; sektore batzuei zerga murrizteko aukera emango zaie", adierazi du Olanok. Hiru aldundietako gobernu bileretan datorren astean onartuko dituzte neurriok eta "berehala" sartuko dira indarrean. 

Garraiolariak ere izan ditu hizpide diputatuak. "Eskatuko nieke, gure laguntzak ondo aztertzeko eta denen onerako gutxika-gutxika lanera bueltatzeko", esan du Olanok, eta azpimarratu du Hiru sindikatuarekin lehenbailehen bildu eta atzoko neurrien inguruko xehetasunak berehala emateko premia. "Positiboa izango da beraientzako neurria", esan du, baina onartu du grebarako eskubidea ere hor dagoela.

Energiaren gaineko zergaren harira esan du Estatuaren menpe daudela; "Guk ez daukagu eskuduntzarik", azaldu du. Zergen jaitsieraz, bestalde, esan du "zergen kudeaketa orekatu" behar dela, "nahiz eta batzuetan ideologiaren arabera hauen jaitsierakin dena konpondu".

Gaur bertan jakin dugu, bestalde, Espainiako Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) % 9,8an kokatu duela martxoan, azken 37 urteetako urte arteko tasarik altuenean. "Azken hilabeteetan igo besterik ez da egin eta kezkatzeko egoera batean gaude zalantzarik gabe".

Iñigo Urkullu lehendakariak eta hiru lurraldetako ahaldun nagusiek arratsaldean aurkeztekoak diren Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planaren aurrean, berriz, Olanok esan du Ukrainiako krisia gorabehera, "etorkizunera begira ere jarri behar dugula" gogogorarazi du, berrikuntzaren eta inbertsio handien bidetik. "Orain hartzen ditugun erabakiak oso garrantzitsuak dira etorkizunerako", gaineratu du. Ekarpen oso garrantzitsua egingo dutela iragarri du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Donostia argazkiak Albisteak Gipuzkoa Grebak albisteak EAE Ekonomia albisteak Markel Olano Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Merkantzia-garraioa