Ekonomia -
Greba
Euskadiko garraio sektoreak "bizitzen jarraitzeko neurriak" eskatu ditu
Ehunka profesionalek kamioi-martxa egin dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean protesta egiteko.
EITB Media
Erregaien kostuagatik greban dauden 300 garraiolari inguruk parte hartu dute asteazken honetan Langraiz Okatik (Araba) Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzara abiatu den karabana batean, Jaurlaritzari "sektoreak bizitzen jarraitu ahal izateko neurriak" eskatzeko.
Karabanak 8 kilometroko luzera izan du, eta, horren ostean, Hiru sindikatuko ordezkari Alberto Nuñezek ohartarazi du garraiolariak "egoera kritikoan" daudela, "egoera jasangaitza"; izan ere, azken urteotan Gipuzkoako bidesariak bezalako kostuei gasolioaren garestitzea gehitu behar zaie orain.
Azaldu duenez, 2021ean erregai horren kostua % 26,5 igo zen, eta Errusiak Ukraina inbaditu ostean, azken astean litroaren prezioa euro erdi igo da.
Egungo egoeran, "garraiolari autonomoak edo bi edo hiru ibilgailu dituen enpresa txikiak", adierazi du Nuñezek, "ezin du lanik egin, eta egiten badu, galerekin lan egiten du", "oso zaila egiten baitzaio kostu erantsi guztia fakturan jasanaraztea". Izan ere, lanean jarraitzen duten kamioiak "enpresa handietakoak, flotistak" eta atzerritarrak direla esan du.
"Urteetan sektoreari bizkarra ematea" leporatu die Hiruko ordezkariak administrazioei, eta "abantailarekin jokatzen duten figurak" baimendu izana leporatu die, "kooperatiba faltsu eta enpresa deslokalizatu gisa, kostu sozial eta tributario desberdinekin lan egiten dutenak, betiere garraio merkea izateko asmoz".
Erakundeei eskatu die laguntza eta garraiolarien "aldarrikapen historikoei erantzuteko", garraiolariek "jarraitu ahal izateko babesa senti dezaten" eta "sektorearen egungo egiturari eusteko", "% 85ean autonomoek eta oso tamaina txikiko enpresek osatua"; izan ere, Euskadin, industriaren gehiengoa "garraiolari txikiekin lan egiten duten" enpresa eta tailer txikiak dira.
Hiruren kalkuluen arabera, jardunaldiaren jarraipena nagusi izan da berriro, "kamioilari gehienok ikusten dugulako gelditu egin dela eta ez dela lanera atera".
Bestalde, azken orduetan, Bilboko Portuan piketeak izaten ari dira, eta eta sektoreko hainbat enpresak, Galdakaoko, Zornotzako eta Larrabetzuko industrialdeetan (Bizkaia), instalazioetan aparkatutako ibilgailu astunen sabotajeak salatu dituzte.
Bilboko Portuak Santurtzin eta Zierbenan dituen instalazioetako sarreretan, piketeen eta Ertzaintzaren artean tentsio uneak izan ziren atzo, eta egoera lasai egon da gaur goizeko lehen orduetan, greba egiten ari diren kamioilariak asanbladan baitzeuden mobilizazio gehiago erabakitzeko.
Sarbide horietan piketeak desagertu diren arren, oso kamioi gutxi sartzen dira Bilboko portura salgaiak kargatzeko edo deskargatzeko, EFEk bertan baieztatu ahal izan duenez.