Ekonomia -
Radio Euskadi
Biurrun: "Lan erreforma labur geratu da, baina onartutako guztia positiboa da"
EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuaren ustez, gai garrantzitsuak geratu dira zintzilik eta ondo legoke hitzarmen autonomikoen lehentasuna bermatuko lukeen legedia onartzea.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuaren ustez, "lan erreforma labur geratu da, batez ere sortu den itxaropenarekin", baina aitortu duenez, "onartutako guztia positiboa da, baina hainbat kontu positibo bidean geratu dira, onartutakoak baino positiboak direnak, gainera".
Tolosatik ari dira emititzen Radio Euskadiko "Boulevard" saioa, eta bertan egin diote elkarrizketa magistratuari. Lan erreformaren gai arantzatsuenetako batez (lan hitzarmen autonomikoak lehenestea) galdetuta, EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte arloko Salako presidenteak azpimarratu du ez dagoela "dena ebatzita" 2017an EAEko patronalak eta sindikatuek egindako akordioa gorabehera: "Ez nago ziur Auzitegi Gorenak bestela erabakiko ez zuenik", erantsi du. Hala, esan du ondo legokeela prebalentzia hori bermatuko lukeen legedia onartzea; "Yolanda Diaz ministroak berak iradoki du", adierazi du.
Biurrunen ustez, "buelta bat eman" behar zitzaien kaleratzeen kontuari eta ekoizpen deszentralizazioari. Hori bai, nabarmendu duenez, "arauak ez dira amaitzen Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratzen direnean (...) epaitegiak dira benetako zentzua ematen dietenak".
Eliza katolikoaren baitan egon diren pederastia kasuez, "urte luzez izandako isiltasun eta gardentasun falta" salatu ditu, eta "oso berandu" heldu den arren, auzia mahai gainera ekarri izana txalotu du. "Kausak argitu beharko lirateke, eta gaur egun badauden egiaztatu, zeren hala balitz, berehala eten beharko lirateke (...) kasu batzuk duela gutxi gertatu dira, eta horrek kezkatzen nau gehien, hori da lehenbailehen konpondu beharrekoa", azaldu du.