Ekonomia -
Araba
PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Iruña Okan 2022ko aurrekontuak onartzeko
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak ohartarazi du PPk bertan behera utziko duela PSE-EErekin zuen bilera, Iruña Okako akordioa zuzentzen ez badu. PSE-EEren zuzendaritzak, berriz, EH Bildurekin lortutako akordioa babestu du, eta ez du erabakia zuzentzeko asmorik.
Agentziak | EITB MEDIA
PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Iruña Okan, sozialistek gobernatzen duten Arabako herrian, eta, horri esker, 2022rako udal-aurrekontuak onartu ahal izango dituzte, alderdi subiranistak proposatutako hogei bat partida sartu baitira kontuetan, guztira 466.000 euroko balioarekin.
EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi duenez, hainbat astetako negoziazioen ondoren, datozen egunetan alderdi subiranistaren planteamenduak izapidetuko dituen aurrekontu proiektua onartu du Gobernu Taldeak.
Davide di Paola EH Bilduk Udalean duen bozeramailea pozik agertu da "pertsonak erdigunean jartzea" ekarriko duen akordioa lortu dutelako, "trantsizio energetikoan, kalitatezko enpleguaren sorreran edo udalerrian bizi direnei zerbitzu publikoen eskaintzan aurrera egitea ahalbidetuko duena".
Horrela, udalerri berde eta iraunkor bat lortzeko 170.000 euro erabiliko dira. Atal honetan sustatuko diren proiektuen artean, honako hauek daude: Arraten plaka fotovoltaikoak instalatzea, ibilgailuentzako karga elektrikoko puntu bat instalatzea, ibilgailu elektriko bat erostea edo udalerrian energia-kontsumoa murrizteko plan bat egitea.
PPk bertan behera utziko du PSE-EErekin duen bilera, zuzentzen ez badu
Euskadiko PPk bertan behera utziko du Eneko Andueza Euskadiko sozialisten idazkari nagusiarekin datorren asteazkenean egitekoa zuen bilera, baldin eta alderdi horretako zuzendaritzak ez badu zuzentzen eta ez badu baztertzen PSE-EEk eta EH Bilduk Iruña Okako Udalean duten aurrekontu-ituna.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak agerraldia egin du Gasteizko Legebiltzarrean itun hori salatzeko, eta adierazi du Alderdi Popularrak "PSE-EErekiko leialtasunez" jokatu duela beti udalerri horretan, bi alderdien artean "2005etik gobernu akordio bat baitzegoen".
PSE-EEk, jarraitu du, ez zuen EH Bildurekin akordioa behar, PPk, zinegotzi bat alkateorde dela, Iruña Okan egonkortasuna eman duelako "une oro", eta horrek agerian uzten du sozialisten "norabide erradikala".
Hala ere, PSE-EEko zuzendaritzak EH Bildurekin egindako akordioa babestu du, eta ez du erabaki hori zuzentzeko asmorik, PPk eskatu dion bezala.