Ekonomia -

Gida

Lan erreforma berriaren gakoak

Ezagutu hemen Espainiako Gobernuak sindikatuekin eta patronalarekin adostutako erreformaren ildo nagusiak.

Enpresa industrial bat. Irudia: Irekia
Enpresa industrial bat
Enpresa industrial bat. Irudia: Irekia

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negoziazio kolektiboa, kontratazioa eta kaleratzeak saihesteko enplegua doitzeko mekanismoak dira ostegun honetan Gobernuak eragile sozialekin adostutako akordioaren ardatz nagusiak.

Negoziazio kolektiboa

- Enpresako hitzarmenak lehentasuna izango du, soldatei dagokienean izan ezik.

- Hitzarmen kolektibo batek indarrean jarraituko du hura berritzea negoziatzen den bitartean, baina urtebete igaro ondoren, alderdiek bitartekaritza-prozedurak bete beharko dituzte edo, aldez aurreko akordiorik badago, epai-prozedurak.

Kontratazioa

- Besterik adierazi ezean, lan-kontratua mugagabetzat joko da.

- Obra eta zerbitzuengatiko kontratua desagertzen da.

- Aldi baterako kontratua ekoizpenaren gorabeherengatik edo lanpostua gordetzeko eskubidea duen langilea ordezkatzeagatik baino ezin izango da egin.

- Ekoizpenaren gorabeherengatiko kontratua ez da 6 hilabetetik gorakoa izango, eta urtebetera luza daiteke sektoreko hitzarmen kolektibo bidez. Jarduera "noizbehinka eta aurreikusi ezin den moduan handitzen" denean edo "enpresaren ohiko jarduera izan arren aldi baterako desoreka sortzen duten gorabeherak daudenean" egin ahal izango da, urteko oporrak barne.

Noizbehinkako egoerei, aurreikus daitezkeen egoerei eta iraupen murriztuko eta mugatuko egoerei erantzuteko ere erabili ahal izango da, urtean 90 egunez gehienez ere, eta inoiz ez enpresaren ohiko jarduera osatzen duten kontrata, azpikontrata edo administrazio-emakiden esparruan.

- Iruzurrezko aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtuko dira, baita enpresa berarekin edo enpresa-talde berarekin lanpostu berean edo beste batean 24 hilabeteko epean lanean 18 hilabete metatzen dituztenak ere. Horretarako, bi kontratu edo gehiago egingo dira ekoizpen-inguruabarrengatik, zuzenean edo aldi baterako laneko enpresek eskura jarrita.

- Hitzarmen kolektiboek behin-behinekotasuna murrizteko planak ezarri ahal izango dituzte, baita plantillan gehieneko behin-behinekotasun tasak eta horiek ez betetzearen ondorioak ere.

- Prestakuntza-kontratua gutxienez 6 hilabetekoa eta gehienez urtebetekoa izango da.

- Aldizkako kontratu finkoa urte-sasoiko lanetarako edo sasoiko ekoizpen-jarduerei lotutakoetarako ezartzen da, gauzatze-aldi zehatzekin. Kontraten esparruan edo aldi baterako laneko enpresek egin ahal izango dituzte. Antzinatasunak lan-harremanaren iraupen osoa hartuko du kontuan, eta ez benetan emandako zerbitzu-denbora.

Aldi baterako lan-erregulazioak

- Ekonomia, teknika, antolaketa eta ekoizpeneko arrazoiek (ETOP) eta ezinbesteko arrazoiek (erabaki administratiboek, osasun publikoa babestekoak barne) eragindako aldi baterako lan-erregulazioak mantendu egingo dira, % 20ko borondatezko salbuespenekin eta gizarte-kuoten % 90ekoarekin.

- Enpresek lan-erregulazio horiek martxan jarri ahal izango dituzte, Ministroen Kontseiluak aktibatu ondoren, baldin eta krisialdiak urtebete irauten badu gehienez eta % 20tik % 60ra bitarteko exonerazioak badaude, edo berregituraketa sektoriala bada, bi urtera luza daitekeena eta % 20tik gorako libratzea duena. Salbuesteak prestakuntza-ekintzak egiten dituzten enpresentzat baino ez dira izango.

Prestazioa oinarri arautzailearen % 70 izango da aldi osoan; horri langilearen konturako kotizazio sozialaren zatia deskontatuko zaio, eta ez du langabezia kontsumituko.

Gobernuak sare-funts bat sortuko du, Estatuaren aurrekontu orokorren bidez hornituko den mekanismoaren finantzaketa-beharrei erantzuteko, Europako finantzaketarekin eta langabeziagatiko gizarte-kotizazioen diru-sarreren soberakinarekin.

Kontratua amaitzea

- Aldi baterako kontratuaren gehieneko iraupena amaituta, salaketarik ez badago eta lan-prestazioari eutsiko bazaio, kontratua luzatutzat joko da, denbora-mugarik gabe.

Azpikontratazioa

- Kontraten eta azpikontraten enpresetan aplikatuko den sektoreko hitzarmen kolektiboa garatutako jarduerarena izango da, enpresa horiek hitzarmen propioa dutenean izan ezik, horrek ez baitu lehentasunik izango soldaten arloan.

- Beste enpresa batzuekin kontratatzen edo azpikontratatzen duen enpresak egiaztatu beharko du enpresa horiek soldata-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dituztela, eta erantzukizun solidarioa izango du horregatik. Hori ez da aplikatuko etxebizitza eraikitzeko edo konpontzeko jardueran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Espainia Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen albistea Enpresaburuak CEOE