Ekonomia -

Nafarroako uholdeak

Arga ibaiaren uholdeek eragindako kalteak 8 milioitik gorakoak izango dira

Itziar Gomez Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria Azkoienen, Funesen eta Faltzesen izan da uholdeek nekazaritza azpiegituretan utzitako triskantza bertatik bertara ikusten. Urak 12.000 hektareatan egin du kaltea.

Laboreetan izandako kalteak zenbatu gabe daude oraindik. Argazkia: @itziargomez
Laboreetan izandako kalteak zenbatu gabe daude oraindik.
8 milioi euroko kalteak utzi dituzte uholdeek Arga ibaiaren inguruko nekazaritza azpiegituretan

1:13

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arga ibaiaren uholde "historikoek" Nafarroako erdialdeko nekazaritza ustiapenetan eragindako kalteak zortzi milioi eurotik gorakoak izango dira, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritzak egindako lehen balorazioaren arabera.

Hala jakinarazi du Itziar Gomez kontseilariak Azkoien, Funes eta Faltzes herriak bisitatu ostean: "Gure kalkuluen arabera, urak 12.000 hektarea harrapatu ditu. Oraindik goiz da laboreetan izandako galerak zehazteko, baina nekazaritzako azpiegituretan aurreneko ebaluazio bat egin dugu, eta zortzi milioi eurokoa da".

Kontseilaritzak atal bat paratu du Nafarroako webguneko zerbitzuen katalogoan nekazaritza alorreko kaltedunek azpiegituretan izandako kalteak jakinarazi ditzaten (gaurtik bertatik aurkeztu ahal dituzte tokiko entitateek, ureztatzaileen komunitateek eta nekazaritza ustiategiek). Laboreetan eragindako kalteak zehaztu gabe daude oraindik, eta ura jaisten doan heinean hasiko dira lan horretan. Departamentuaren arabera, 15-20 eguneko epean zehaztuko dute zenbatekoa.

Kalte guztiak zehaztuta, dirulaguntzak ahalik eta lasterren aterako ditu Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritzak.

Uriolek nekazaritza azpiegituretan utzitako galerei ustiapenetan eragindakoak ere erantsi beharko zaizkio. Izan ere, udazken-neguko uzta (brokolia, azalorea, kardoa eta orburua) batu barik zegoenean heldu dira uholdeak, eta artoa ere landatu gabe zegoen sail askotan.

Kontu hori azpimarratu du Gomezek berak: "Nekazaritza eremuan izandako kalteak larriak dira, uholde historikoak izan direlako, baina gertatu diren uneagatik ere oso kaltegarriak izan dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Uholdeak Azkoien Ibaiak Nekazaritza Abeltzaintza