Ekonomia -
COP26
Krisi klimatikoaren aurrean Nafarroa "dagoeneko hitzetatik ekintzetara pasa" dela defendatu du Chivitek
"Gu hitzetatik ekintzetara pasa gara jadanik, eta aitzindariak gara alor horretan", adierazi du politikari sozialistak Glasgowko COP26 goi-bileran.
Agentziak | EiTB Media
Foru Erkidegoa klima aldaketaren aurkako borrokan dagoeneko "hitzetatik ekintzetara pasa" dela nabarmendu du Maria Chivite Nafarroako presidenteak astelehen honetan; karbono isuriak murrizteko zein enpresei eta etxebizitzei trantsizio energetikoan laguntzeko ekintza plana dutelako.
Larrialdi klimatikoa "herritarren kezka bat" da, adierazi du Chivitek Glasgowko (Eskozia) COP26 goi-bileran. Nafarroako presidentearen hitzetan, Foru Gobernuak "konpromisoa handia" du.
"Gu hitzetatik ekintzetara pasa gara jadanik, eta aitzindariak gara alor horretan", adierazi du politikari sozialistak. Goi-bileran, Nafarroaren eskarmentua partekatu eta "balioa azpimarratu" duela azaldu du.
Industria sektoreari laguntzeko zein etxe eta administrazioen autokontsumoa indartzeko, Gobernuak Next Generation Europako funtsei helduko diela erantsi du Chivitek. Trantsizio energetikoa "justizia sozialetik" egingo dela ziurtatu du presidente nafarrak, "inor atzean ez gelditzeko".
Bestalde, Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak gogorarazi duenez, Nafarroa "ingurumen politikekin konpromisoa duen eskualdea da". Horrela, duela hiru urte klimaren aldeko ekintza plana martxan jarri zuen Foru Erkidegoak, bi tresna zehatzekin: KLINa klima aldaketaren bide-orria eta Nafarroako plan energetikoa 2030.