Ekonomia -

ARGINDARRAREN FAKTURA

Argindarraren prezioak goia joko du gaur: 228 euro megawatt-orduak

Ordurik garestiena 21:00etatik 22:00etara bitartekoa izango da. Ordu tarte horretan, 260 euro balioko du megawatt-orduak. Horren aurrean, argindarraren prezioa finkatzerakoan gasarena kanpoan uzteko aukera aipatu du Europako Batzordeak.

Elektrizitate dorre bat. Artxiboko argazkia: EFE
Elektrizitate dorre bat
Elektrizitate dorre bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarraren batez besteko prezioak marka berri bat jarriko du asteazken honetan Espainiako handizkako merkatuan: 228 euro megawatt-orduak. Gaur arte preziorik garestiena iragan ostiralean erregistratu zen: 216,01 euro megawatt-orduak.

Ordu tarteak aintzat hartuta, ordurik garestiena 21:00etatik 22:00etara bitartekoa izango da, ordu tarte horretan 260 euro ordainduko baita megawatt-ordua, eta merkeena, 16:00etatik 17:00etara bitartekoa, 193,2 euroko prezioa izango baitu.

Espainiari ez ezik Europako zati handi bati ere eragiten dion igoera, besteak beste, nazioarteko merkatuetan gasak izan duen garestitzearen ondorio da. Horren aurrean, elektrizitatearen prezioa gasaren preziotik bereizteko aukera aipatu zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

Azken egunetan Europako Batzordeak atea ireki dio ekimen bateratuak aztertzeari. Are gehiago, bi asteren buruan kontseilu formal batean gaiari heltzeko konpromisoa hartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur EAE albisteak Espainia Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Kontsumoari buruzko albisteak Elektrizitatea azken ordukoa