Ekonomia -
Lan gatazka
Aurreakordioa onartu du Tubacexeko afiliatuen gehiengoak, baina CCOOk langile guztiek bozkatzea nahi du
Nahiz eta sindikatuetako militanteen onespena izan, CCOOk enpresa-batzordeari langileen batzarra eta bozketa egitea proposatuko dio astelehenean.
eitb media
Tubacexen langile batzordeak langileen ordezkariek eta zuzendaritzak lortu zuten aurreakordioa babestu du, nahiz eta sindikatu nagusiek, ELAk eta STATek, kontrako iritziak izan. Azkenean CCOOk izan du erabakiaren giltza, eta aldeko botoa eman du.
CCOOren afiliatuak akordioaren alde agertu dira; izan ere, militanteen % 67 proposamena babestu du.
Nahiz eta sindikatuetako militanteen onespena izan, CCOOk enpresa-batzordeari langileen batzarra egitea proposatuko dio astelehenean. Gainerako sindikatuek emandako erantzunarekin, CCOOk esan du "balantza estua" dela (7 ordezkari alde, 6 kontra), eta horrenbestez, behargin guztien bozketa proposatuko du.
Horrela, Tubacexeko enpresa-batzordeak behargin guztien bozketa egin ala ez erabaki beharko du datorren astelehenean. CCOOren hitzetan, aurreakordioak ez du "gehiengo zabala" lortu.
ELAn afiliatutako Tubacexeko Laudioko eta Amurrioko langileek onartu egin dute aurreakordioa, lantegia zazpi hilabetez geldiarazi duen lan gatazkari amaiera emateko. Sindikatuak jakinarazi duenez, akordioak aldeko 125 boto eta kontrako 50 jaso ditu.
ELAk 4 ordezkari ditu batzordean, eta bera da burua. Baina STATek ere lau ordezkari ditu, CCOOk 3, eta LABek eta ATALek, bana.
Hori horrela, STATen afiliatutako langileek zuzendaritzaren proposamena errefusatzea erabaki dute, nahiz eta tartea txikia izan den.
LABek eta ATALek iragarria zuten kontrako iritzia. Ondorioz, CCOOko militantziak izan du azken hitza.
Sindikatuek militanteen bozketa antolatu dute Tubacexeko zuzendaritzak eta enpresako langile batzordearen gehiengoak atzo egin zuten akordioaren inguruan.
Ostegun honetan lotutako akordioak bertan behera uzten ditu kaleratze guztiak, enplegua bermatzen da, eta 2024ra arteko inbertsioei eusten zaie "denboran mugatutako" murrizketen truke.
Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak esan du "albiste bikaina" dela atzoko akordioa, eta aitortu du negoziazio "zaila" izan dela, "merezi" izan duen arren.