Ekonomia -

Akordioa

ELAk eta LABek gutxieneko soldataren igoera "urria" dela kritikatu dute

EAJrentzat "gauza ona" da, eta ez du ulertzen "patronalak zergatik egin dion uko". PSOE CEOEri zuzendu zaio akordioarekin bat egin dezan.

Langileak. Argazkia: EiTB
Langileak. Argazkia: EiTB
Langileak. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek kritikatu dute "urria" dela CCOOk eta UGTk Espainiako Gobernuarekin adostu duten Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren igoera, "azken hileotako KPIa baino txikiagoa delako", eta "hemengo" gutxieneko soldata eskatu dute.

ELAk ohar batean azaldu duenez, "gutxieneko soldata 15 euro igotzea oso urrun dago PSOEk eta Unidas Podemosek 2019ko akordioan hitzemandakotik, 2020an 1.000 eurora iristeko konpromisoa hartu baitzuten; eta are urrunago urtarrilaren 30eko greba orokorrean eskatutako 1.200 euroetatik".

"Langile klasearen erosteko ahalmenak txikitzen jarraitzen du", ohartarazi du.

ELAren arabera, igoera "urri" horrek agerian uzten du "elkarrizketa sozialak eta bertan dauden sindikatuek ez dutela balio langile klasearen baldintza materialak hobetzeko".

Era berean, LABek salatu du gutxieneko igoerak ez diela erantzuten euskal langileen "beharrei", "bizitzaren kostua"ren aldean, eta "Hego Euskal Herriaren egoerara egokitutako" gutxieneko soldata eskatu du.

LABek Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdegin die "hemengo" gutxieneko soldatan lan egin dezatela.

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak uste du igoera "gauza on bat" dela eta, horregatik, ez du ulertzen "patronalak zergatik egin dion uko" akordioari. "Lehen mailako herrialde bat izateko, gutxieneko duintasuna ezarri beharra dago", adierazi du.

Idoia Mendia Lan eta Enplegu kontseilari eta lehendakariordea gustura agertu da akordioarekin, eta esan du ez zaiola hainbeste begiratu behar "zenbatekoari", baizik eta "akordioak duen balioari eta ekarriko duen aurrerapausoari".

Bestalde, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak gogorarazi du, lorpenaz harago, pisu handiko erreformak daudela egiteko oraindik. Hori dela eta, patronalari eskatu dio "birkoka" dadila, "batzuetan, galdu egiten delako ez negoziatzeagatik".

"Ez dakit argi hitz egin dudan. Negoziatu gabe galdu egiten da. Zuek Badakizue Lan ministroa gaur daukaguna baino kopuru txikiagoa adosteko prest egon zela. Batzuetan, adostu gabe, galdu egiten da", argudiatu du.

Baina Antonio Garamendi CEOEren presidenteak errefusatu egin du gutxieneko soldataren gorakadari uko egiteak kalte egingo dionik bestelako negoziazio batzuetan, pentsioen edo aldi baterako lan erregulazio txostenen kasuan, esaterako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV ELA LAB Andoni Ortuzar Lana Idoia Mendia Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Soldatak Yolanda Diaz gaur