Ekonomia -
Negoziazioa
Gutxieneko soldata aurten gehienez 19 euro igotzea proposatu du Lan Ministerioak
Espainiako Gobernuak iradoki du hurrengo Ministro Kontseiluan igoko dutela gutxieneko soldata.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuaren Lan Ministerioak abiatu egin du gutxieneko soldata igotzeko negoziazioa, ekainean aditu talde batek proposatutako batez besteko 15 euroko igoera oinarri hartuta.
Hain zuzen ere, adituek 12 eta 19 euro arteko igoera proposatu zuten aurten gauzatzeko, eta Exekutiboak iragarri du bere egiten duela proposamen hori. Dena dela, eragile sozialekin negoziatzeko prest dagoela gaineratu du.
Gaurko bileraren ostean, Lan Ministerioak astelehena arteko epea eman du akordioa lortzeko. Bilera hasi baino lehen, Pedro Sanchez gobernuburuak igoera "berehala" onartuko dutela aurreratu zuen. Era berean, "beste bilera bat eta erabakia hartuko dugu", zehaztu du Yolanda Diaz Lan ministroak Onda Cero irrati-katean, igoera hurrengo Ministerio Kontseiluan onartuko dutela iradokita.
Joaquin Perez Laneko estatu idazkariak azaldu du Ministerioa ez dagoela kopuru jakin baten alde, baina adituen txostena dutela oinari. Gainera, legegintzaldiaren amaierarako gutxieneko soldata batez besteko soldataren % 60ra igotzeko konpromisoari eusten diotela berretsi du.
Euren aldetik, eragile sozialek errefusatu egin dute batez besteko 15 euroko igoera. CCOO eta UGT sindikatuek uste dute igoera hori ez dela nahikoa inflazioari aurre egiteko, eta patronalek adierazi dute egungo enpleguari eusteak izan behar duela lehentasuna.