Ekonomia -
Lan gatazka
Tubacexen administrazio kontseiluak "langileak isilarazteko" saiakera salatu du
Zuzendaritzak esan du hainbat pertsonek enpresa batzordeko bilera eten zutela, grebarekin aurrera jarraituko zuten erabakitzeko eztabaida galaraziz.
Agentziak | EITB Media
Tubacexen administrazio kontseiluak "langileak isilarazteko" saiakera salatu du, hainbat pertsona enpresa batzordeko bilerara sartu eta langileen greba mugagabearen etorkizunari buruzko eztabaida galarazi zutelako.
Zuzendaritzak prentsa ohar batean jakitera eman duenez, "atsekabetuta" daude Laudioko eta Amurrioko lantegietan azken sei hilabeteetan jazotako "gertakari larriekin".
Ohar berean, enpresak azaldu du uztailaren 20an Eusko Jaurlaritzarekin bildu zirela, eta TTI eta Acelaravako ordezkari sindikalei proposamena luzatu ziela. Proposamenak "gatazkari amaiera ematea" zuen helburu, enpresa batzordeak uztailaren 19an eskatutako baldintzak beteta.
Enpresa batzordeak, bere aldetik, greba mugagabea mantentzea erabaki zuen orduan, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi nagusiaren sententzia aintzat hartu eta langile guztiak berriz onartu arte. Hurrengo egunean, baina, enpresak EEE bidez kaleratutako beharginak onartzea erabaki zuen. Onartzeak uztailaren 26a eta azaroaren 30a bitartean egingo zirela jakinarazi zuen Tubacexek.
Gauzak horrela, administrazio kontseiluak lanean jarraitzeko eskatu dio enpresa batzordeari, gatazkari amaiera emateko. Gainera, langileei, sindikatuei, erakundeei eta gizarteari konpromisoa eskatu die, "mehatxuak, larderiak eta erasoak desagertu, eta langileek haien etorkizunari buruz askatasunez erabakitzeko aukera izan dezaten".