Ekonomia -
Automobilgintza
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiak ekoizpena etengo du uztailaren 29an eta 30ean, hornigaien faltagatik
Hornitzaileek piezak falta dituztenez, hilabete eskasean egiten duten hirugarren geldialdia izango da. Hornigaien gabezia automobilgintzari eragiten dion arazoa da.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiak ostegun goizean enpresa-batzordeari jakinarazi dionez, ekoizpena etengo du uztailaren 29an (osteguna) eta 30ean (ostirala), beste behin ere, hornigairik ez dagoelako. Horrek, Arabako lantegian jarduten duten 5.000 pertsona baino gehiagoren udako oporraldia aurreratzea ekarriko du.
Arrazoi berberagatik ekainaren 21etik 25era jarduera eten behar izan zuen enpresak. Uztailean ere beste bi egunez gelditu zuten ekoizpena. Hala, hornitzaileek piezak falta dituztenez, hilabete eskasean egiten duten hirugarren geldialdia izango da. Hornigaien gabezia automobilgintzari eragiten dion arazoa da.
Datorren astean jarduera eteteko bi egun berri horiekin, malgutasun-poltsa lau lanegunetara murriztuko da, zuzendaritzak UGT, CC. OO., Ekintza eta Pim sindikatuekin sinatu duen 30 eguneko lan-erregulazioko espedientea aplikatzen hasi aurretik.
Ekoizpenaren geldialdi berri horren ondorioz, plantillan dauden 5.000 pertsona baino gehiagoren udako oporraldiak aurreratuko dira; uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 22an amaituko direnak.
Mercedes-Benzeko Enpresa Batzordearen arabera, oporren ostean hornitzaileen egoerak hobera egitea espero da, eta abuztuaren 23ko astetik aurrera arazorik gabe lan egitea espero dute. Bestela, enpresak kontrakoa jakinaraziko luke uztailaren 28a baino lehen.